ERREPIDEAK

Deskargako bidesarirako foru araua aurkezteko eskatu dio EAJk Gipuzkoako Diputazioari

Larraitz Ugarte Bide Azpiegituretako diputatuak ohartarazi du "ondorio larriak" ekarriko dituela arkupe sistema ez onartzeak.

urtzi urkizu
2014ko urtarrilaren 9a
17:20
Entzun

Gipuzkoako Batzar Nagusietan Deskargako errepideaz eta bidesariaz zein datorren astean bozkatuko den Arkupe sistemaz aritu dira gaur goizean. Larraitz Ugarte Bide Azpiegituretako diputatuak azaldu duenez, EAJren gobernuak aurreko legealdian 395 milioi euroko kreditu berri bat sinatu zuen bankuekin 2011ko apirilean. Baldintzen artean ezarri zen Deskargako errepidea 2015eko apirilerako amaitu behar dela. Eta bidesaria honakoa izango litzateke: ibilgailu astunei 8,52 euro eta ibilgailu arinei 90 zentimo.

Katy Nevado Bidegiko ordezkariak nabarmendu du 2011n EAJk sinatu zuen kredituak hainbat betebehar zituela banuekin. "GI-632 errepidea martxan jartzen ez bada eta ratioak betetzen ez badira, bankuek eska dezakete diru guztia orain itzultzea". Egoera horrek ekar ditzazkeen "ondorio larriez" ohartarazi du Ugartek.

Datorren astean Batzar Nagusietan Arkupe sistema bozkatuko dute Batzar Nagusietan, eta oposizioko alderdiek osoko zuzenketak aurkeztuko dituzte. Ugartek salatu du ez dela emendakin partzialik egon. "Porrot bat irudikatu nahi dute", adierazi du.

EAJko batzarkide Aintzane Oiarbidek esan duenez, Bilduk Deskarga gelditu nahi izan du diputaziora iritsi denetik. "Ez dugu ulertzen zertara datorren arazoa sortzea Deskargaren finantzaketan. Ez dugu lotu beharrik Deskargarena beste finantzaketa sistemarekin". EAJko ordezkariak Ugarteri eskatu dio foru arau bat aurkez dezala, Deskargan bidesaria jartzeko. Bere ustez, Arkupe sistema N-1ean jartzeko da, eta "txisteratik" atera du Ugartek Deskargaren gaia. "Foru arau bat onar daiteke propio Deskargarako".

PSE-EEko batzarkide Eneko Anduezak adierazi du ez dela justua esatea Arkupe sistema ez bada onartzen arazoa besteena dela. "Arkupe sistemako testua onartzen ez bada, aurkez ezazue beste bat", esan du Bilduko gobernuari zuzenduz.

PPko batzarkide Iñigo Manriqueren ustez, badago denbora gauzak beste modu batean egiteko. "Negoziazio bideak agortu behar dira. Konponbidea behar dugu, ez partxeak".

Aralarreko batzarkide Maite Sarasuak EAJri "bidegabekeria handia" egitea leporatu dio. "Bankuekin ezin al zen beste modu batean negoziatu? Arduragabeko istorio luzea da".

Bilduko batzarkide Iban Asenjok "argudio alderdikoiak" leporatu dizkie oposizioko taldeei: "EH Bildu zigortzea dago honen atzean, ez dago besterik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.