'Cabacas auzia'

Deustuko ertzain etxeko nagusiordeak ez zuen eskopetak garbitu gabe uzteko agindu

Raul Otaolak adierazi du orduan ez zekiela Cabacasen "zauriak hain larriak zirenik" eta ez zuela uste eskopetak ez garbitzea ardurak argitzen lagundu zezakeenik; "ertzainek esan zezaketelako eskopetak beste nonbait erabili zituztela". Beste bi ertzainek nabarmendu dute tokiko ofizialak duela operazioetan azken erabakiak hartzeko ardura.

'Cabacas auziko' bederatzigarren saioa, gaur, Bizkaiko Auzitegian. BERRIA
2018ko urriaren 31
07:17
Entzun

Cabacas auziko bederatzigarren saioa egin dute, Bizkaiko Auzitegiko 3. aretoan. Sei ertzainek eta kaleko lekuko batek deklaratu dute. Horiek izan dira epaiketan deklaratuko duten azken lekukoak. Hurrengo saioetan, adituei hartuko diete deklarazioa.

Aurreko saioetan hainbat ertzainek egin bezala, gaurkoan ere gertaeren tokian zegoen ofizialaren ardura nabarmendu dute zenbait agentek. Azaldu dutenez, operazio arduradunak —Ugartekok— baliabideak bidaltzen ditu eta aginduak eman, baina tokian dagoen arduradunak (ofizialak) du azken erabakia.

9163 zenbakidun agenteak zuzenean egotzi dio ofizialari gaur horretan oker jokatzea. Lekukoak esan du kalean zegoen ofizialak ez zuela egin "egin behar zuena". Ofizialaren abokatuak estu hartu du, eta epaileak moztu egin behar izan dio.

Epaimahaiaren aurrean deklaratu du Raul Otaolak ere. Deustuko ertzain etxeko nagusiordea zen gertakarien egunean. Otalolak aitortu du ez zuela agindu ertzainek erabilitako eskopetak ez garbitzea. Azaldu duenez, orduan ez zekien Cabacasen "zauriak hain larriak zirenik", eta ziurtatu du ez zuela uste eskopetak ez garbitzea lagungarri izan zitekeenik. "Pentsatu nuen horrek ez zuela izango froga baliorik, ertzainek esan zezaketelako eskopetak beste nonbait erabili zituztela". Otaolak ukatu egin du gaur hartako operazioan kaleko poliziak bidali zituztenik, baina egon zirela esan du ondoren. Haren esanetan, "ez du konstantziarik" gertaeren ostean barne ikerketarik ireki ote zen.

Ertzainez gain, aurreko saioan deklaratu behar zuen kaleko lekuko batek deklaratu du. Bilboko Maria Diaz de Haro kaleko plazatxoan egon zen, eta hango liskarra ikusi zuen. SOS Deiak-era deitu zuen, eta alde egin zuen ondoren. Geroago, Ertzaintzak deitu zion aurreko deia konfirmatzeko. Bigarren dei horretan, lekukoak esan zuen iskanbila amaitu zela eta erasotzaileak Poza kalera joan zirela.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.