Urari bidea ireki diote Deustuko kanalean. Lanak 2019aren hasieran bukatuko dituzte, baina hasi dira penintsula irla bihurtzeko azken lur zatia irekitzen. Agerraldi publikoa egin dute Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta udaleko gainerako zinegotziek —Goazen Bilbao taldeko ordezkaririk ez da joan, "obra faraonikoa" dela salatzeko—. Aburtoren hitzetan, “abagune historikoa” izan da kanalaren irekiera, “lan konplexu” baten emaitza. Alkateak gehitu du irla sortzea uholdeetatik besteko bitartekoa izango dela.
Kanalaren irekiera Zorrotzaurre Plan Bereziaren atal bat besterik ez da. 2011ko azaroan onartu zuen Bilboko Udalak azken urteetan hirian egin den eraikuntza planik handiena. Orotara, 840.000 metro koadroko espazioa eraldatuko dute. Lanek 250 milioi euroko kostua izango dute.
Penintsulako bizilagun batzuek protesta egin dute. Txistu artean hartu dute kanalaren irekiera Deustuko Erribera auzoko dozenaka bizilagunek. "Hau ez da Zorrotzaurre, hau Deustuko Erribera da". Salatu dute "planez lan" ibili direla auzoan, denbora luzea eman dutela eraldaketaren zain. "Eta iritsi denean, ez da auzokideentzat izan”.