Bartzelonako irudiak zuzenean eskainiko ditu irailaren 11n Hamaika Telebistak TV3 katearen laguntzarekin. Ostegunean V erraldoi bat osatuko dute Bartzelonan. Diagonal eta Gran Via etorbideetatik abiatuko dira lerroak, eta Sant Marti plazan batuko dira. Bi egunen faltan 470.000 lagunek eman dute ekimenean parte hartzeko izena.
Diada. Ara és l´hora izenburupean 16:30etatik 18:30etara eskainiko du saioa Hamaika Telebistak. Jule Goikoetxea EHUko irakasleak, Zelai Nikolas Gure Esku Dago ekimeneko bozeramaileak, Iñaki Zarraoa irakasle ohiak eta Joseba Sobrino analista politikoak aztertuko dute Kataluniak hartutako bidea. Egunak sortutako giroaz gain azaroaren 9rako deituta dagoen galdeketari begira ere jarriko dira.
Eskozia ere hizpide
Eskoziako erreferendumaren biharamunean, irailak 19, telebista saio berezi bat eskainiko du Hamaika Telebistak, Eskoziaren ordua izenburupean. Saio berezi hau Norabidea blogaren eta Hamaika Telebistaren elkarlanari esker gauzatuko da, eta Hamaika Telebistaren kanalean eskaintzeaz gain (22:00), Interneten ere sareratuko da berria.eus, hamaika.eus eta norabidea.info webguneetan.
Saio berezi honetan lau adituk parte hartuko dute Eskoziako erreferendumaren emaitzak eta independentzia prozesuaren egoera aztertzeko: Jule Goikoetxea EHUko irakaslea, Angel Oiarbide Gure Esku Dago ekimeneko bozeramailea, Asier Etxenike Aztikerreko soziologoa eta Igor Calzada Oxford Unibertsitateko eta Ikerbasqueko irakasle eta ikerlaria.