Independentistak sareak deituta, hilaren 11n egingo den Diadaren eta Kataluniako prozesu independentistaren aldeko elkartasun ekitaldiak egingo dituzte gaur Euskal Herrian. Catalunya-Euskal Herria, bi herri helburu bakarra. Independentzia lelopean, Iruñean, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Hendaian giza kateak egingo dituzte, eta gero, elkartasun ekitaldiak.
Iruñean, Sarasate Pasealekuan elkartuko dira; Donostian, Gipuzkoa plazan; Bilbon, Arriaga plazan; Gasteizen, Foruen plazan; eta Hendaian, Kasino aurrean. Hendaian, 12:00etan egin dute ekitaldia, eta gainerako hiriburuetan, 19:00etan. Diada egunean bertan, Bilbon deitu dute katea osatzera Albia lorategietan, 20:00etan.
Hilaren 11n Independentistak sareko ordezkaritza bat ere izango da Bartzelonan, eta bertara joateko autobusak antolatzen ari dira. Izena emateko, [email protected] helbidera idatzi daiteke, edo 943-561853 telefono zenbakira deitu.
Sarearen aburuz, katalanen "gehiengo handi batek" burujabetzaren bidean aurrera egitea erabaki du, eta Euskal Herrian ere gauza bera gertatuko da. Atzo, Aralarrek eta LABek gaurko giza kateetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.