23 irakaslegaietako gehienek euskara irakasle lanak egiten dituzte euskal etxeetan, oso oinarrizko mailetan. Beren maila hobetzera etorri dira Euskal Herrira: asmoa da gehienek Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) curriculumeko bigarren maila lortzea, eta egonaldi luzeagoa egingo duten bederatziek hirugarrena, euskararen gaitasun agiriaren parekoa (EGA).
Guztira 1.946 euskara ikasle izan dira 2006-2007 ikasturtean mundu osoko euskal etxeetan, Euskara munduan programaren bitartez. Programaren helburu nagusia da munduko euskal etxeetan euskarazko eskolak ematea eta euskal hiztunak sortzea. Hiru lan ildo ditu: irakasleak trebatzea, euskal etxeak euskarazko eskolak emateko materialez hornitzea eta euskara ikastaroak diruz laguntzea (210.000 euro aurten).
Azken lau urteetan Argentinako 36 euskara irakaslegai eta Uruguaiko lau aritu dira lanean, bi taldetan antolatuta: Diaspora I eta Diaspora II. Diaspora II talde aurreratuagoa da, eta bertako kideak izango dira egunotan Euskal Herrian. «Seguru dakigu euskara ikastaro trinkoa eginda eta euskal giroan murgilduta biziz euskaraz ongi trebaturik itzuliko direla beren herrialdera», esan zuen atzo Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak.
Eusko Jaurlaritza Argentinan izandako esperientzia AEBetara eramaten saiatuko da. Horretarako, euskara irakaslegaien talde bat sortuko du bertan, eta Kanadako eta Mexikoko euskal etxeei parte hartzeko aukera eskainiko die.
############
«Abestiak ulertzeko hasi nintzen»
J. GOIKOETXEADonostia
Aitaren aldeko amona euskalduna zen, nafarra, eta horrek bultzatu zuen La Platako (Argentina) euskal etxera joatera. «Euskarazko abestiak ulertzeko hasi nintzen euskara ikasten, eta gero eta gehiago gustatu zait». Maria Emilia Cairo da, Argentinatik Euskal Herrira etorri den euskara ikasle eta euskara irakaslegaia. «Asmoa aurrena ikasi eta gero irakastea da, umeei eta helduei», dio prentsaurrekoan, agintarien artean. «Gure ustez, euskarak leku garrantzitsuena eduki behar du euskal etxe batean. Norbaitek lana egin behar du, eta hemen gaude horretarako».
Maria Emilia Cairo 2002an hasi zen euskara ikasten La Platako euskal etxean. Astean behin sartzen zen Boga Interneteko euskara ikasteko autoikaskuntza sisteman. Lazkaoko Maizpide euskaltegitik (Gipuzkoa) ariketak bidali eta zuzentzen zizkioten. Horrez gain, udan eta neguan bi asteko edo astebeteko barnetegietan parte hartzen zuen. Mintzapraktika lantzeko batez ere, euskaraz hitz egin ahal izateko. «Eta hemen gaude», esan du Maria Emilia Carok. Donostian, prentsaurreko batean galderak euskaraz erantzuten, Argentinan euskara irakasteko prest.
EREDU. «Beraz», esan du Joseba Erkizia HABEko zuzendari nagusiak, « talde honek euskara euskararen esparru geografiko naturaletik kanpo ikasi du, eta azpimarratzekoa da».
Maria Emilia Cairo eta harekin batera Euskal Herrira etorri diren 22 lagunak eredutzat jarri ditu Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Euskara Euskal Herritik kanpo ikasi dutelako eta euskara irakasteko gai direlako: «Maria Emiliak erakusten du argi eta garbi topiko bat besterik ez dela euskara ikastea oso zaila edo ezinezkoa dela dioen hori. Bera da publizitaterik onena euskal herritarrak kontura daitezen euskara ikastea oso posible dela, ahalegintxo batekin».
############