Politika

Dimisioa aurkeztu dute Nafarroako Ahal Duguko zuzendaritzako sei kidek

"Joera autoritario eta patriarkala" leporatu diote Eduardo Santos alderdiko idazkari nagusiari, eta hura Nafarroako aldaketarako "arriskua" dela ohartarazi dute.

Nafarroako Aha Dugu-ko Kontseilu Herritarraren batzar bat, 2017ko abenduan.
2018ko ekainaren 2a
08:50
Entzun

Nafarroako Ahal Dugu-ko Kontseilu Herritarreko sei kidek dimisioa aurkeztu dute, gaur. Zuzendaritza politikoko sei kideek gogor hitz egin dute Eduardo Santos alderdiko idazkari nagusiaren kontra. Azaldu dutenez, Santosen "adierazpen publiko eta pribatu arduragabeengatik" hartu dute dimisioa aurkezteko erabakia. Santosek alderditik alde egiteko eskatu diela eta alderdi "berri bat sortu nahi izatea" leporatu diela gaineratu dute.

Irene Otal, Patxi Pierola, Maria Juana Palacios, Angeles Fernandez, Francisco Javier Pascual eta Kathia Salinas dira dimisioa aurkeztu duten zuzendaritzako sei kideak. Santosen agindupean Herritarren Kontseiluak "gainbehera demokratikoa" bizi duela ohartarazi dute. Salatu dutenez, "hiperlidergo matxista" ezarri du idazkari nagusiak, eta "joera autoritario eta patriarkala" egotzi diote.

Zuzendaritza utzi duten kideek kritikatu dutenez, Santosek ez du inolako integraziorik bultzatu zuzendaritza erabakigunean, Nafarroako Ahal Dugu-ko hauteskunde primarioak 28 botoren aldearengatik irabazi zituen arren. Horrek "Herritarren Kontseilua aberasteko aukerak murriztu" dituela nabarmendu dute.

Koordinazio Kontseiluak —alderdiko organo eragileak— "Herritarren Kontseiluko eskumenak kendu" dituela ziurtatu dute dimisioa aurkeztu dutenek. Hala, "oinarriek demokratikoki aukeratutako organoa mespretxatu eta aurretik hartutako erabakiak hari jakinaraztera mugatu" izana gaitzetsi dute. Horrez gain, bileretako akten gaineko "gardentasun falta" salatu dute. Baita "eztabaidarako gaiei buruzko erabateko noraeza" ere, eztabaidek ez zietelako "agenda politiko nafarraren urgentziari eta aukerei erantzuten".

Dimisioa aurkeztu dutenen iritziz, alderdiaren egoera zuzentzeko beharrezkoa da Santosek idazkari nagusi izateari utzi eta haren Koordinazio Kontseiluak dimisioa aurkeztea, "alderdiaren hausturaren arduradun nagusi" diren heinean. Santosen taldeak "militantziaren zati handi baten lana eta ilusioa zapuztu" dituela adierazi dute.

Nafarroako Ahal Dugu-ren egoerak "Nafarroan aldaketa ahalbidetu zuten gehiengoak" arriskuan jartzen dituela ohartarazi dute. "Hausnarketa sakona" eskatu diote zuzendaritzari.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.