Dimisioa eman dute GHK-ko zuzendaritzan PSE-EEk zituen bi kideek

Gaur erregistratuko dute Alduntzinen aurkako zentsura mozioa EAJk, PSE-EEk eta PPk

Erredakzioa
Donostia
2012ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Dimisioa eman dute PSE-EEk Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa (GHK) erakundeko administrazio kontseiluan dituen bi kideek: Denis Itxasok eta Arcadio Benitezek. «Ezin dugu jarraitu ondorio larriak dituzten erabakiak hartzen ari den erakunde bateko kide izaten», azaldu zuen Itxasok atzo egindako agerraldian.

GHK hartzen ari den erabakiak «Gipuzkoako gizartearen gehiengoaren aurkakoak» direla iritzi dio Itxasok. «Errauste planta egiteko enpresekin sinatuta zeuden kontratuak behin betiko bertan behera uzten badituzte, kalte ekonomikoak handiak izango dira. GHK-k ezingo ditu bere gain hartu pagatu beharreko kalte-ordainak, eta Hartzekodunen Legera jo beharko du».

Gipuzkoako Ingurumen diputatu Juan Carlos Alduntzinen aurka PSE-EEk, EAJk eta PPk aurkeztu duten mozioaren inguruan, Itxasok nabarmendu du urrats bat dela.

Gaur erregistratuko dute hiru alderdiek zentsura mozioaren eskaria, eta uztailaren 6an eztabaidatuko dute. Hondakinen kudeaketarako plana Batzar Nagusietan ez aurkeztea egozten diote Alduntzini, eta Gipuzkoa «zabortegien ereduan» betikotzea.

Herenegun bildu ziren hiru alderdiak zentsura mozioaz hitz egiteko. Babestu egingo zutela jakinaraztean, EAJk eta PSE-EEk esan zuten mankomunitateez ere hitz egin beharko zela. Herenegungo bileran SanMarko mankomunitatean Bilduri bi ordezkari kentzea aztertu zuten: Lasarte-Oriakoa eta Donostiakoa. Hala, Bilduk gehiengoa galduko luke.

Herritarren interesen gainetik EAJk, PSE-EEk eta PPk errauste planta eraiki nahi duten enpresen interesei begiratzen dietela salatu du ezker abertzaleak. Gogorarazi du, halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztutako plana egun indarrean dagoenaren erdia kostatzen dela. «Argi geratu da, gainera, errauste planta ez dela behar. Baina hori ezin dute onartu. Hau guztia demokratikoki aukeratutako foru gobernuaren aurkako estrategia adostuaren barruan kokatzen da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.