Salhaketako ordezkariaren hitzetan, zigor zuzenbidearen «erabilera arrazista» egiten ari dira espetxeetan. Bi urteko espetxe zigorra betetzen ari zen. «Eta urte eta erdi zeraman, jada, preso». Presoek bere buruaz beste ez egiteko neurrien barruan, bi preso jarri zizkioten zaintzeko. «Baina haiek ez dira medikuak».
Abdel Karim El Ddah-ek kalean egon behar zuen. Bere herrian. Espetxe zigorraren ordez bere herrialdera itzultzeko erabakia onartuta zegoen, baina ez da halakorik egin. «Ez dute egin, Espainiako Poliziak daukalako eskumen hori. Baimena bazeukan arren, gatazkan zebiltzala eta ezin zutela eraman adierazi zuten poliziek. Bitartean kalera atera eta gaixotasuna sendatzen lagundu beharrean, preso zeukaten».
MARTUTENEN, «TAMALGARRI». Jose Mari Larrañaga Arrats elkarteko ordezkariak adierazi duenez, Martuteneko espetxeko egoera «tamalgarria» da. «Ia 400 preso daude, etorkinen ehunekoa oso handia da, preso askok buruko gaixotasuna daukate, bi gizarte laguntzaile bakarrik daude... Martutenek ezin du horrela jarraitu».
Ahal duten guztia egingo dute Abdel Karimen gorpua Sahara Mendebaldera eramateko. Esteponan dago jada, eta, dirua bilduz gero, datorren astean eramango dute. «Familiaren ondoan atseden har dezan. Ia-ia hori baita lor dezakegun bakarra». Baina badakite horretarako 5.000 euro beharko dituztela. «Horregatik, herritarrei ere laguntza eskatzen diegu».
Azken bi urteotan 22 lagun hil dira Euskal Herriko espetxeetan, edo euskal herritarrak izanda Espainiako espetxeetan. «Lehen presoak Langraizen hiltzen ziren, eta zuzendariak dimititzea lortu genuen», zehaztu zuen Manzanosek. «Orain presoak Basaurira eta Martutenera bidaltzen dituzte hiltzera». Horren aurrean, Manzanosek azalpenak eskatu zituen. «Esplika diezadatela zergatik eraman zuten Martutenera. Buruko gaixotasunak dauzkaten preso asko daude -hamarretik bat-, eta tratamendu berezia eman beharrean, sakabanatu egiten dituzte. Egoera konpondu ez, ezkutatu egiten dute».
############
Azken bi urteotan hildako presoak
EGUNA IZENA ADINA JATORRIA ESPETXEA NOLA AGERTU DA2004-12-15 M.R.V. 21 Espainia Langraiz Ohean hilda
2004-12-15 M.H. 30 Espainia Langraiz Urkatuta
2004-12-29 R.S.I. 33 Gasteiz El Dueso (Kantabria) Urkatuta
2005-01-27 J.G.A. - - Langraiz Berez hilda
2005-02-12 R.J.M. 33 Getxo Langraiz Urkatuta
2005-06-13 J.L.R.J. 41 H. Katalanak Langraiz Urkatuta
2005-07-06 J.D.G.G. 42 Barakaldo Langraiz Urkatuta
2005-09-02 J.A.L.S.M. 31 Santurtzi Langraiz Lurrean hilda
2005-10-07 M.A.G.R. 41 Iruñea Iruñea Ohean hilda
2005-10-10 J.M.S.F. 42 Bilbo Basurtuko Zaintza B. Urkatuta
2005-10-31 J.A.A. 39 Bera Soria Urkatuta
2005-11-10 J.L.F.G. 32 Donostia Martutene Urkatuta
2006-02-27 I.A.I. 34 Santurtzi Cuenca Urkatuta
2006-03-03 R.S.O. 41 Portugalete Aranjuez Bihotzekoak jota
2006-03-09 F.M.O.T. 33 Bilbo Langraiz Urkatuta
2006-07- ? - - - Langraiz Ospitalean hilda
2006-08-03 F.J.C. 27 Ormaiztegi Martutene Ohean hilda
2006-08-10 - - - Martutene Ospitalean hilda
2006-08-24 T.V.CH. 21 - Iruñea Urkatuta
2006-09-10 - - - Langraiz Bihotzekoak jota
2006-12-16 A.K.E.D. 23 Mendeb. Sahara Martutene Urkatuta
############
Mohamed El Ddah Martuteneko espetxean hildako presoaren lehengusua
«Gorpua etxera eramaten ere ez digute laguntzen erakundeek»
U. ZUBELDIADonostia
Etsita eta amorru aurpegiarekin dago Mohamed El Ddah. Abdel Karim El Ddah-ren lehengusua da, eta astelehen arratsaldeaz geroztik dago Euskal Herrian. Orduan joan zen Martuteneko espetxera, bertako zuzendariak Abdel Karim nola hil zen esplika ziezaion. Duela bost urtetik Espainian bizi da, Andaluzian, eta lehengusuaren heriotzaren berri izan zuenean etorri zen Donostiara. Abdel Karimi behin baino gehiagotan esaten omen zion Esteponara joateko, baina hark Euskal Herrian geratu nahi zuela erantzuten zion beti. «Orain begira non dagoen. Bizimodu hobearen bila etorri eta okerragoa aurkitu zuen».
Noiz eta nola iritsi zen Abdel Karim Euskal Herrira?
Abdel Karim, Saharako gazte gehienak bezala, bizimodu hobearen bila etorri zen. Sei aldiz saiatu zen etortzen, eta lau-bost aldiz kanporatu zuten. Aaiun hiriburutik (Mendebaldeko Sahara, Marokok okupatutakoa) txalupan Kanaria Uharteetara iritsi zen, eta handik Euskal Herrira, Gasteizera. Berak Euskal Herrian egon nahi zuen, eta horregatik saiatu zen sei aldiz etortzen. Ondoren, ordea, ez dakit nola, baina espetxeratu egin zuten, eta ordutik sufrimenduan bizi izan da.
Gasteizen espetxeratu eta ondoren Martuteneko espetxera eraman zuten. Aldaketa horretan Hernaniko familia batek asko lagundu zion Abdel Karimi, ezta? Nola sortu zen harreman hori?
Espetxean ikastaro batzuk egiten dituzte, eta Hernaniko familiak hor ezagutu zuen Abdel Karim. Gaztea zela ikusten zuten, pobrea... Emakume hark neba bat ere badauka, Mikel, eta biek babes handia eman digute. Eskerrik asko Mikeli, bere arrebari, aitari eta amari. Izugarri eskertzen diegu Abdel Karim espetxean egon den bitartean emandako laguntza, eta, orain ere, tramite edo izapide guztiak betetzeko ematen ari zaizkidan laguntza.
Orain urte eta erdi sartu zuten espetxean, baina osasunez ez zebilen ondo. Horren jakitun zen familia?
Espetxean sartu aurretik ez zeukan gaixotasunik. Espetxean gaixotu da. Ez dakit nola sufriarazi dezaketen hainbeste espetxean. Gainera, kanporatzeko agindua onartuta zeukaten; bere herrialdera bueltatu nahi zuen. Baina etengabe atzeratzen aritu dira eta emaitza badakigu zein izan den.
Kanporatzeko agindua, beraz, onartuta zegoen, baina ez zuten espetxetik ateratzen. Nola aurre egiten zion berak horri?
Azken hiru hilabeteotan oso gaizki egon da, fisikoki eta psikologikoki. Gaztelaniaz oso gutxi hitz egiten zuen. Espetxean asko daude horrela, komunikatu ezinik. Kanpotarrek laguntza behar dute espetxean, komunikatu ahal izateko. Espetxean zeuzkan bere lagunek esan zidaten pilula asko ematen zizkiotela lasaitzeko, baina azkenerako etsi egin du.
Orain gorpua zuen herrialdera eramateko laguntza eskatu duzue, gutxienez bertan hilobiratu ahal izateko. Baina Abdel Karimek pasa behar izan duena ikusita, zer eskatuko zenieke agintariei? Nola konpondu daiteke espetxeko egoera?
Atzerritarrak hobeto tratatzeko eskatuko nieke, irakasle berezien bidez etorkinoi gauzak ikasten laguntzeko. Gosez, bizimodu hobe baten bila etortzen gara etorkinak, baina etortzen ere ez digute uzten. Denok etortzen gara lanera, bizimodua hobetzen saiatzera. Ez gara beste ezertara etortzen. Baina bizimodua gogorra da. Etorkinok laguntza behar dugu. Besterik ez. Baina erakundeek gorpua etxera eramaten ere ez digute laguntzen. Espetxeko zuzendaritzak eta Espainiako Gobernuak ezezkoa eman digute, Jaurlaritzak ere ez digu erantzun... Gutxienez lagun diezagutela gorpua etxera eramaten.
############
«Baimena bazeukan arren, Aaiunen gatazka zegoela eta ezin zutela hara eraman adierazi zuten poliziek»
cesar manzanossalhaketako ordezkaria
############