"Espainiako banderaren inposaketaren kontrako eta adierazpen askatasunaren aldeko plaka bat" jartzeko eskatu dio Markel Olano EAJko Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak aldundiari.
Espainiako bandera "ohorezko lekuan" jartzeko agindu dio Espainiako Auzitegi Gorenak Gipuzkoako foru gobernuari. Eta bandera diputazioaren eraikineko balkoian jartzeko zuzenean agindu ez arren, "ohorezko leku" hori balkoia dela zehaztu du Gorenak, atzo kaleratutako autoan. EAEko Auzitegi Nagusiak bandera eraikinaren "kanpoan" eta "ohorezko lekuan" jartzeko emandako agindua berretsi du Gorenak, horrela Gipuzkoako Diputazioak jarritako helegitea atzera botata.
Olanok gogorarazi du duela bi urte egin zuela plaka jartzeko eskaera, zegoena kentzeko agindu baitzuen Auzitegi Gorenak. Plaka horretan, diputazioak zioen Espainiako bandera "legeak hala aginduta" zegoela egoitzan.