Diru laguntzak dituzten etorkinak «gutxiengoa» direla ohartarazi dute

Laguntzak jasotzeko, bertan sortuek baino zailtasun gehiago izaten dituzte etorkinek, azterketa batean nabarmendu dutenezErronka gizarte babesaren sistema indartzea dela uste dute SOS Arrazakeriako kideek

mikel p ansa
2012ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Gizartean «barneratua» dagoen uste bat hankaz gora bota nahian egin dute ikerketa: etorkinek gizarte laguntza «gehiegi» jasotzen dituztela. Euskal Autonomia Erkidegoko Arartekoaren beka batekin egin dute azterlana, eta abenduan kaleratu dute emaitza. «Gizartean barneratua dago etorkinek prestazio gehiegi jasotzen dituztela. Guk justu kontrakoa esaten dugu: etorkinek hemengoek adina jasotzen dituzte laguntzak. Gehiago esango nuke: etorkinek zailtasun gehiago dituzte gizarte laguntzak jasotzeko», Mikel Mazkiaran ikerketaren egileetako baten hitzetan. Ikerketaren ondorioa: «Etorkinen gutxiengoak jasotzen ditu laguntzak gizarte babeserako sistematik».

«Egia da azken urteetan gizarte prestazioetara jotzen duten etorkinen portzentajea igo egin dela», dio Etorkinek zerbitzu eta prestazioetara duten sarbidea EAEn txostenak. Baina laguntzak jasotzen dituzten etorkinen kopuruak bakarrik ez, laguntza beharrean diren herritarren kopuruak egin du gora; hala ere, diru laguntzak bermatzeko errenta jasotzen duten lautik bakarra da atzerritarra —Gipuzkoakoa da datua, 2008koa; gizarte zerbitzuek ez dituzte sistematikoki jasotzen eskatzaileen datuak—.

Espainian eta Herrialde Katalanetan egin izan dira ikerketa kuantitatiboak, eta beti emaitza bera eman dutela azaldu du Mazkiaranek: «Ondorioa da etorkinek jasotzen dutena baino gehiago ematen dutela». Zifretan oinarritutako ikerketak badaudela iritzita, beste era bateko lana egindute. Gizarte zerbitzuetako profesionalekin eta etorkinekin hitz egin dute, estatistikak ustiatu dituzte, eta immigrazioari buruzko legeria aztertu dute. SOS Arrazakeriako eta Mugak ikerketa zentroko sei kidek egin dute azterlana: Ainara Arnoso, Maitane Arnoso, Silvana Luciani, Mikel Mazkiaran, Aizpea Otaegi eta Adriana Villalonek. Aurreiritziak deuseztatzea izan da helburua.

«Adibidez, gizarteak pentsatzen du diru sarrerak bermatzeko errenta immigrante gehiagok jasotzen dutela hemengoek baino. Hori ez da egia», adierazi du Mazkiaranek. Errenta hori jasotzeko beharrezkoa da nonbait erroldatua egotea eta etxe baten kontratua edukitzea, erosita edo alokairuan; etorkin asko, aldiz, ez daude erroldatuta, edo ez dute bizi diren etxearekin lotzen dituen kontraturik. Diru laguntza hori jasotzea eragotzi egiten die horrek.

Beste adibide bat eman du Mazkiaranek: «Andre batek eta haren seme-alabek jaso nahi badute diru sarrerak bermatzeko errenta, eta aita beren herrialdean baldin badago, egiaztatu behar dute ez dutela handik dirurik jasotzen». Nazioarteko diplomazia tartean sartzen da halakoetan, eta «oso-oso izapide konplexuak» izaten direla esan du Mazkiaranek. Larrialdietarako laguntzak jasotzeko, berriz, eskatzaileak frogatu behar du jatorrizko herrialdean ez duela etxerik bere izenean. «Askotan, ezin da frogatu, han ez dagoelako hori egiaztatuko duen inor», Mazkiaranen hitzetan. Eta egoera irregularrean daudenek, paperik eta baimenik gabe,ezin dute prestaziorik eskuratu. Ia herenak dira.

Lana kezka nagusia

Diru laguntzak jasotzeko erraztasunak gutxi direla eta burokrazia handia dela ondorioztatzen du txostenak. Emaitza argia da, Mazkiaranentzat: «Azkenean, horrelako laguntzak jasotzeko, hemengoek ez dituzten zailtasun batzuk dituzte etorkinek. Errealitatea gizarteak pentsatzen duenaren justu kontrakoa da». Etorkinen kezka ez da diru laguntzak jasotzea, lana aurkitzea baizik, ikerketak dioenez. Harrera zerbitzuetan egin dituzten kontsultetan, horixe da eskari nagusia. Etxebizitza eskuratzeko ere zailtasun handiak dituzte, eta hori dute bigarren kezka.

Etorkinen migrazio proiektuaren helburua ez da diru laguntzak jasotzea. Lanera eta bertan egonkortzera eta bizitzera iritsi direla oroitarazi du Mazkiaranek; eta, izatez, lanean daude ahal dutenak: «Haientzat, laguntzak jasotzea atzerapausoa da». Bestela esanda: ez dutela migrazioa hasten helmugako herrialdean diru laguntzak kobratzeagatik. «Etorkinek, migrazio proiektua diseinatzerakoan, ez dute gizarte babeserako sistemako prestazioen eskaintzari eta multzoari buruzko ideia zehatzik», diote txostenean. «Aberastasun ertain edo altuko herrialde europar batean espero daitezkeen osasun, hezkuntza, lan eta larrialdi zerbitzuak eskuratzeko aukerari buruzko ideia ahul bat baino ez dute».

Krisiarekin gizarte laguntzak eta zerbitzuak murrizteko joera zabaltzen ari dela eta, Europan, horri lotuta, zabaltzen ari den ideia batez ohartarazi du Mazkiaranek: etorkinek ez dutela eskubiderik gizarte laguntzak jasotzeko, etxekoak direla aurrena. Diskurtso horrek okerrera egingo duela abisatu du, eta gizarte laguntzen unibertsaltasuna defendatzea jarri du erronka gisa. «Herritar guztientzako gizarte babesaren sistema gero eta indartsuagoa» eskatu behar dela uste du.

Gizartean dauden «uste errotuak» aldatzea zail dela onartu du Mazkiaranek, eta erantsi du hori aldatzea ez dela SOS Arrazakeriaren tankerako taldeen zeregina bakarrik, instituzioen lana ere badela. «Pedagogia egin behar da, eta pedagogia hori ez da lortzen esanez, Gemma Zabaletak egin zuen bezala, iruzurra dagoela diru sarrerak bermatzeko errentaren inguruan. Iruzurrak eta tranpak %1 dira. Horrelako mezuak zabaltzea ez da onuragarria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.