Bizkaiko Lurralde Auzitegiko Fiskaltzak uste du EHU Euskal Herriko Unibertsitako Medikuntzako dekano ohiak diru publikoa bereganatu zuela. Zehazki, EHUri zegozkion 750.000 euro hartu zituela uste du fiskalak. Atzo hasi ziren Francisco Javier Goiriena dekano izandakoa epaitzen. Diru publikoa oker erabiltzea eta dokumentuak faltsutzea egotzi diete Goirienari eta EHUko Estomatologia Saileko zuzendari ohiari. Hamar urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak akusatuentzat, baita hamalau urtean kargu publikoetarako gaitasunik gabe uztea eta 750.000 euroko isuna ezartzea ere. Txema Montero defentsako abokatuak azaldu du akusatuek ez zutela inolako deliturik egin. Zinpeko epaimahai batek aztertuko eta ebatziko du kasua.
Fiskalaren aburuz, 1994. eta 2000. urteen artean dekano ohia eta Estomatologiako zuzendari ohia beren karguaz baliatu ziren diru publikoaz jabetzeko. Horretarako, sozietate batzuk sortu zituzten bien izenean, eta haietara bideratzen zuten EHUko dirua. Fiskalak nabarmendu du, gainera, EHUko errektorearen anaia zela Goiriena garai hartan.
Ikastaro batzuen finantzaketa dago arazoaren muinean. Defentsako abokatuak azaldu du sozietate edo institutu pribatuek graduondoko ikastaroak eman ditzaketela eta EHUren araudiak aukera hori jasotzen duela. Diru publikoz ordaintzen dira graduondoko horiek, eta EHUk diruaren %10 gordetzen du. Unibertsitateak «ez du euro bakar bat ere galdu» %10 horretatik, defentsako abokatuaren hitzetan.
EHUko Estomatologia Saileko irakasle talde bat akusazio partikular gisa aurkeztu da, Garbi eta Zuri izenarekin; auzipetuek «irregulartasun ugari» egin zituztela salatu du talde horrek. Bi akusatuek «botere handiko nukleo bat» osatzen zutela ere salatu dute.
Akusazio partikularraren izenean, Miguel Alonso abokatuak adierazi du graduondoko horiek finantzatzeko diru guztiak EHUrenak zirela berez; hortaz, graduondokoak ematen zituzten sozietate horiei dirua soberan gelditzen zitzaienean akusatuak diru publikoaz jabetzen zirela esan du. Beste sozietate batzuetara bideratu zituzten diru horietako batzuk, eta abokatu bati ere ordaindu zioten auzi pribatu batean, akusazio partikularraren esanetan.
Diru publikoaz jabetzea egotzi diote dekano ohi bati
EHUko Medikuntzako dekano ohia epaitzen hasi dira, Bilbon; fiskalak uste du 750.000 euro bereganatu zituela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu