180.000 euro zuritu zituela leporatu diote, eta dimisioa eman du Jesus Pejenautek, Nafarroako Gobernuko Gizarte Gaietarako kontseilariak. Eskutitz baten bidez jakinarazi dio erabakiaren berri Yolanda Barcina presidenteari. Gobernuari edo Barcina berari kalte ez egiteko hartu du erabakia, eta errugabea dela adierazi du.
Kontuz plataformak ostiralean salatu zuenez, 2007ko otsailean, Nafarroako Kutxako (CAN) arlo komertzialeko zuzendari zela, aste batean 180.000 euro zuritzeko hiru operazio agindu zituen Pejenautek, 500 euroko billeteak 100 eta 200 euroko billeteen ordez trukatzeko metodologiaren bitartez. Iruñeko CANen bulegoko nagusiko langileek erakunde barruko organoei ohartarazi zien, baina Kontuz plataformak nabarmendu zuen ez zutela egin. Hain zuzen ere, auzia ikertzeko eskatu zien plataformak Nafarroako Parlamentuari, foru gobernuari eta Fiskaltzari.
Horren berri izan ostean, Pejenautek salaketa jarri zuen epaitegian, Kontuz plataformaren kontra. «Kontseilari gisa egindako lanaren aurka egitea eta Nafarroako Gobernuaren izen ona zikintzea» egotzi zien.
Atzo, ordea, dimisioa ematea erabaki zuen Pejenautek, eta Barcinak onartu. Gaur sinatuko du kargugabetzea. Presidenteari igorritako eskutitzean, Pejenautek dio errugabea dela: «Nafarroako Kutxako kontseilari izan nintzen urteetan ez nuen deliturik egin, eta ez zidaten inongo zigorrik jarri. Billeteen truke guztiak Nafarroako Kutxak alor horretan zituen arduradunek aholkatu bezala egin genituen. Guztia, gainera, Ogasunari jakinarazi zitzaion».
Barcinari edo gobernuari kalte ez egiteko erabaki du kargua uztea, adierazi duenez. «Alde egitea da orain egin dezakedan onena, auzitegietan nire ohorea eta osotasuna askatasun handiagoz defendatu ahal izateko. Indarrez nago horretarako. Oso harro nago egindako lanaz, eta burua tente noa gobernu honetako kide izan naizelako».
PPNk izan ezik, oposizioko gainerako alderdiek nabarmendu dute dimisioa emateko erabakiarekin agerian geratu dela Nafarroako Gobernuaren «ahultasuna. PPNk ulertu egiten du erabakia, eta Pejenautek erakutsitako ardura goraipatu du.
Erabaki «logikoa»
Bilduko parlamentari Maiorga Ramirezek galdetu dio Barcinari, ezagutzen ote zituen Kontuz plataformak salatutako gertaerak. «Nafarroako Kutxako kontrol batzordeko buru izanda, argi dago operazio horiek baimendu zituela. Gertatutakoa eskandalagarria da, eta lotsagarria da. Ez dago inondik zuritzerik». Gainera, eskatu du ikertzeko UPN inguruko kideek Nafarroako Kutxak egindako jarduerak.
«Egokia eta positiboa» iruditzen zaio Pejenauteren dimisioa Patxi Zabaleta NaBaiko parlamentariari «Politikoki egin beharrekoa egin du». Zabaletaren ustez, are ageriago geratu da Nafarroako Gobernuaren egoera. «Aurretik ere eutsiezina zen jada egoera».
«Agertutako informazioen larritasuna kontuan hartuta, espero genuen halako erabaki bat. Egokia da hartu duen erabakia», esan du PSNko parlamentari Juan Jose Lizarbek. «Espero dugugertaera honek eragina ez izatea Gizarte Gaietarako Departamentuan; izan ere, krisialdi garai honetan funtsezkoa da ondo funtzionatzea. Gobernuari eskatzen diogu gobernatzen hasteko».
Ezkerrako bozeramaile Jose Miguel Nuinen arabera, berriro ere agerian geratu da Nafarroako Gobernuak «arazo asko» dituela. «Ekimenik gabe dago, indarrik gabe. Gobernu ahul bat da». Pejenautek «egin beharrekoa» egin duela nabarmendu du. «Guk esan genuen bi aukera zituela: dimisioa eman edo Barcinak kargutik kentzea».
Errespetuz hartu du Pejanauteren erabakia PPNk. Hala adierazi du Nafarroako PPko presidenteak. Enrique Martin: «Salaketekingarbi zegoen gaitasunik gabe geratzen zela interes publikoko baliabideak kudeatzeko. Beraz, ulergarria da hartu duen erabakia».
Aurreko egunetan Kontuz plataformaren salaketaz baloraziorik egin ez bazuen ere, oraingo honetan UPNk hitz egin du Pejenauteren erabakiaz. «Oso jarrera arduratsua erakutsi du, UPNko kideok egin ohi dugun moduan. Herritarren onerako egin du», adierazi du Sergio Sayas Komunikazio idazkariak.
Dirua zuritu zuela ukatu duen arren, Pejenautek dimisioa eman du
Barcinak kargu uztea onartu du; Nafarroako Gobernuari eta Barcinari berari kalte ez egiteko hartu du erabakia kontseilariakOposizioko alderdien arabera, agerian geratu da Nafarroako Gobernuaren ahulezia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu