«Diskriminazioa bultzatzen duten albisteak» argitaratzea egoitzi die Gaz Kalok hainbat hedabideri

Murillo el Frutoko familia baten eta foruzainen arteko liskar bat asmatzea egotzi die Gaz Kalo Nafarroako Ijito Elkarteen Federazioak lurralde horretako hainbat komunikabideri.

Foruzainen auto bat, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES / EFE
2020ko apirilaren 6a
13:06
Entzun

Gaz Kalo Nafarroako Ijito Elkarteen Federazioak lurralde horretako hainbat hedabideren jokaera salatu du, eta adierazi COVID-19ak eragindako krisia baliatzen ari direla «euren aurpegirik higuingarriena erakusteko, aurreiritziz, arbuioz eta gorrotoz betea». Nafarroako SOS Arrazakeria plataformak ere bat egin du, eta nabarmendu du ijitoen aurkako salaketek gora egin dutela osasun krisia hasi zenetik. Kasu honetan, Gaz Kaloren arabera, hainbat hedabidek «diskriminaziora bultzatzen duten albisteak» argitaratu dituzte Murillo el Frutoko (Nafarroa) herritar baten gaubeilaren inguruan.

Hainbat komunikabidek adierazi zuten Murillo el Fruton liskar bat gertatu zela familia baten eta foruzaingoen artean, hil berri zen senide baten gaubeila egiten ari zirelako. Gaz Kaloren esanetan, ordea, ez zen gaubeilarik egin, familiak hala eskatuta: «Familiak berak etxean geratzeko deia egin dio bere inguruari, eta inongo arazorik gabe onartu dute». Federazioak adierazi du Foruzaingoa prebentzioz joan zela herrira, eta ez duela inongo isunik jarri, ezta senideen aurkako izapiderik ireki ere.

Gaz Kalok kontzientziaziorako deia egin du, eta herritarrei euren etniagatik seinalatzeri uzteko eskatu. Izan ere, federazioak salatu du hedabideek familiaren etniaren berri eman dutela. «Kutsatutako pertsona guztiek gure elkartasuna eta estimua merezi dituzte, arraza, kolore politiko, erlijio edo beste edozein ezaugarri pertsonal edo identitario kontuan izan gabe», nabarmendu dute.

«Familia igarotzen ari den garai gogorrari min gehiago ez gehitzeko» eskatu du Gaz Kalok, eta gehitu lanean jarraituko dutela halako albiste gehiago argitaratu ez dadin: «Borrokan jarraituko dugu arrazakeriatik aske egongo den gizarte baten alde».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.