Sektore pribatuan gerta daitezkeen diskriminazio kasuen kezkak aurrez aurre artatzeko zerbitzua zabaldu du Emakundek; orain arte Gasteizen eskaintzen zuen aurrez aurreko zerbitzu hori, eta Bilbora eta Donostiara zabaldu du orain.
2014. urtean 311 argibide eskaera jaso zituen Emakunderen Diskriminazio Egoeren Aurreko Defentsa Zerbitzuak, horietako gehienak (%38) lan munduarekin lotuta: haurdunaldiagatik, jazarpenagatik, familia eta lana bateratzeko eskubideekin lotuak...
Ordea, informazio eskaera horiek ez dira islatzen kexa edota salaketetan, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak azaldutakoaren arabera. 2014an jarri ziren 26 kexetatik %8 izan ziren lanarekin lotutakoak. Horren zergatia ikertu ez badute ere, Landaidaren ustez “beldurragatik” izan daiteke.
Bestetik, komunikazioarekin eta publizitatearekin lotutako argibide eskaerak areagotu ziren 2014an; argibide eskaera guztien %31 izan ziren, eta kexa eta salaketen %65.