Diskriminazioz jositako errealitatea

Hainbat herritan eta lurraldetan egin dituzte LGTBI biztanleriaren egoera ezagutzeko diagnostikoak, haien arazoak eta beharrizanak zein diren jakin eta horiei erantzun bat emateko. Ikusgaitasun falta sumatu dute azterketa horietan.

LGTBI kolektiboaren eskubideak aldarrikatzeko zebrabide bat, Hernanin. ANDONI CANELLADA, FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2021eko ekainaren 28a
09:59
Entzun

Toki eta talde bateko egoeraren errealitatea ezagutzea, argazki bat izatea, beharrezkoa da horri aurre egiteko estrategia eta politika eraginkorrak diseinatzeko; funtsezkoa da ertzean dauden horiei ahotsa ematea, eta haien beharrak antzematea. Horri tiraka egin dira Euskal Herrian hainbat LGTBI diagnostiko: kolektiboaren errealitatea erakutsi asmo duten ikerketak, udal nahiz lurralde mailan. Aldarte taldeak egin berri du Arabako LGTBI biztanleriaren errealitatearen inguruko azterketa, eta honela adierazi du Joseba Martinez de Gereñuk, ikerketa landu duten kideetako batek: «Egoerak hobera egin duen arren, oraindik ere diskriminazio mota ugari pairatzen dira Araban, eta horien inguruan lanean jarraitu behar da».

Esan du onartu behar dela «diskriminazio, sexismo» errealitate bat dagoela, eta LGTBI moduan agertzen direnek aurre egin behar dietela hainbat ondoriori, «diskriminazio eta eraso askori». Eta azpimarratu du: «Diskriminazioak egunero gertatzen dira; modu sotilean horietako asko. Sarritan, ez gara konturatzen. Pentsatzen dugu diskriminazioak bortitzak direla, eta soilik modu bortitzean agertzen direnean ohartzen gara testuinguru sexista batean bizi garela». Azaldu du biolentzia sexistak identifikatzeko zailtasunak sumatu dituztela, askok eraso moduan soilik ulertzen dituztelako horiek.

Martinez de Gereñuren arabera, hauteman dituzten diskriminazio gehienak espazio publikoan gertatu dira. Batzuk zerrendatu ditu: herrietan erreferenterik ez edukitzea, mespretxuzko begiradak, eskola jazarpena, ikusezintasuna eta ezkutatu behar izatea. Horrek guztiak «beldurrak eta bakardade sentipena» eragiten dituela azaldu du. Jokabide horiek antzeman dituzte, besteak beste, kalean, plazetan, tabernetan, eskolan eta kirol eremuan. Baita etxeetan ere, nahiz eta aitortu espazio pribatuan gertatzen direnak ez direla «hainbeste salatzen». Horiek horrela, ikusgaitasunaren beharra aldarrikatu du.

Bestalde, jakinarazi du badagoela aldea hirien eta herri txikien artean. «Herrietako alde positiboa da erasoak gutxiago gertatzen direla; zailagoa da, ez dago onartuta. Eta hiriek anonimotasuna eskaintzen dute; alde batetik ona da, jendea gai delako hirietan bere burua adierazteko herrietan gehiago kostatzen den modu batzuetan, beldur hori dagoelako. Baina, aldi berean, anonimotasunak modua ematen du erasoak gertatzeko; anonimotasuna erasotzaileentzat ere bada».

Diagnostikoan jaso dute, era berean, instituzioek nola erantzuten dioten errealitate honi, eta Araba osoan egiten diren jarduerak «bateratu» behar direla dio. Plan baten falta igarri dute, eta adierazi ezberdintasun handia dagoela Arabako kuadrillen artean. LGTBI politikak sustatzeko deia egin du: «Orain arte, ekintza orokorrak eta sinbolikoak egin dira: manifestuak, banderak jartzea, zebra bideak margotzea... Hori interesgarria da, noski, baina beste jarduera batzuk gehitu behar zaizkio: adibidez, hainbat espazio sortzea, jendea gai hauek jorratzera biltzeko, gogoetak egiteko eta elkar ezagutzeko». Baliabide gehiago eskatu ditu.

Aldarte elkarteak egina du Nafarroako LGTBI errealitatearen inguruko diagnostikoa ere. Lala Mujika aritu zen lan horretan, eta hainbat espaziotan bizi duten egoera aztertu zuen: osasunean, hezkuntzan, lan eremuan, espazio publikoan, kulturan eta kirolean. Denetan antzeman zuten diskriminazioa eta inklusio falta, maila ezberdinean bada ere. «Joera heterosexuala dago, oso agerikoa. Heterosexuala eta heteronormatiboa».

Mujikak azaldu du, aztertutakoaren arabera, lan arloa eta kirol ingurua direla aniztasunerako eremurik konplikatuenak. «Ikusezintasun handia dago hor, eta beldur handia». Horrez gainera, LGTBI pertsonentzat espazio publikoa norbera den moduan adierazteko eta azaltzeko «espazio zail bat» dela uste du: «Mespretxuzko begiradak-eta daude. Asko atera zen LGTBIfobia sotil hori, gizartean oraindik ere badagoena».

Bestalde, azaldu du LGTBI mugimendua Iruñean kontzentratua dagoela. Baliabideak mugatuak direla salatu du, eta zerbitzuak eta programak indartzeko beharra azpimarratu.

Herri mailako ikerketa

Sudergintza kooperatiba feministak ere egin ditu diagnostikoak. Errenteriako (Gipuzkoa) LGTBI biztanleriaren errealitatearen diagnostikoa egin zuten 2019an, eta Legorretakoarekin (Gipuzkoa) ari da orain Zuriñe Rodriguez ikerlaria. «Errenterian, sumatu genuen LGTBI komunitatea bazegoela, handia; baina komunitate horrek arazoak zituela». Ikusgaitasunaren kontua aipatu du: «Ez dira modu berean bistaratzen herriko parte ezberdinetan».

Horrez gainera, esan du ez zegoela leku espezifikorik kolektiboarentzat, euren arteko konexio askorik ez zegoelako. Eta, bestalde, hauteman zutela ez zutela hartu-eman handirik udalarekin eta instituzioekin.

Diagnostikoan hainbat esparru aztertu zituzten, eta aipatu du garrantzitsua dela azpimarratzea LGTBI komunitatea «oso plurala» dela. «Oso modu ezberdinean pairatzen dituzte LGTBI inguruko problematikak». Adibide bat jarri du: «Osasun eremuan, topatu dugu batez ere lesbianek pairatzen dutela diskriminazioa: ginekologoaren kontsultan, esaterako». LGTBI politikak sustatzeko beharra agertu du. «Beharrezkoa da ikusgaitasuna hobetzeko, diskriminazioa murrizteko eta beste hainbat gauzatarako». Hala, errealitateari aurre egiteko hainbat proposamen ere jaso zituzten diagnostikoan: «Jakin behar dugu zer-nolako errealitatea dugun, hori modu integral eta eraginkor batean jorratzeko».

Askatasunaren bila

Bada diagnostiko guztietan ageri den beste kontu bat ere. LGTBI pertsonek beren auzo, komunitate edota herritik alde egin izana, egoerak behartuta; gehienbat, landa eremutik hirietara gertatu ohi da. Sexilio deitzen zaio fenomeno horri. Martinez de Gereñu: «Gehiago gertatzen da herrietan hirietan baino. Bi alde ditu: batetik, ihes egitea espazio zaurgarri batetik, eroso ez nagoen leku batetik; eta, bestetik, espazio estimulagarriago bat topatzea, beste LGTBI esperientzia batzuk bizitzeko».

Mujikak azaldu du Nafarroan ere antzeman dutela joera hori. «Jendeak, oraindik, anonimotasuna behar du, eta inguru atseginagoak eta harkorragoak. Jendea inguru handiagoetara mugitzen da: anonimoagoak dira, eta ez dute kontrol hori». Migrazio behartua deitu dio Rodriguezek, eta Errenterian asko gertatzen dela dio, «ikusgaitasun hori posible egiteko». Alabaina, alboko herrietatik Errenteriara etorri den jendea ere badagoela azaldu du. Legorretako errealitatea ikertzen ari dira egun, eta sumatu dute «ikusgaitasun falta ikaragarria» dagoela bertan; horren ondorioz, adierazi du migrazio behartuen prozesua ere «nabarmen» gertatzen dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.