Distantziarik ez bada, maskara derrigorrezkoa izango da oraindik ere Hego Euskal Herrian

Larunbatetik aurrera kenduko dute Hego Euskal Herrian maskararik gabe ibiltzeko debekua, baina garraio publikoan eta distantziarik ezean derrigorrezkoa izango da

Jendea kalean maskara jarrita, Iruñean. IñIGO URIZ/FOKU
Maria Ortega Zubiate
2021eko ekainaren 23a
18:47
Entzun

Ekainaren 26tik, larunbatetik, aurrera, maskararen erabilera ez da derrigorrezkoa izango Hego Euskal Herrian. Baina neurri horrek badu salbuespenik: aire zabalean izanda ere gutxienez 1,5 metroko distantzia mantendu beharko da maskararik erabili behar ez izateko, Carolina Darias Espainiako Gobernuko Osasun ministroak Espainiako Lurralde Arteko Osasun Kontseiluaren bileran azaldutakoaren arabera. Eremu itxietan derrigorrezkoak izango da oraindik ere, baita garraio publikoan ere. Egoitzetako langileek eta egoiliarrek ere ez dute maskara erabili beharko, langile eta egoiliarren %80k baino gehiagok txertaketa pauta osoa jaso badu. Beraz, aire zabalean derrigorra izango ez bada ere, aldean bat eramatearen garrantzia azpimarratu du Osasun Ministerioak. Neurria bihar onartuko dute Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluan.

Urtebete baino gehiagoz izan da derrigorra maskaren erabilera Hego Euskal Herrian; iazko martxoaren 21ean jarri zuen neurria Espainiako Gobernuak. Aire zabalean eta erabilera publikoa duten gune itxietan izan zen derrigorrezkoa egun horretatik aurrera, 6 urtetik gorakoentzat; 3 eta 5 urte bitartekoentzat maskararen erabilera gomendatu egin zuten. Osasun arazoak dituztenak izan ziren beste salbuespena. Hasieran, bi metroko segurtasun distantzia ziurtatu ezin zenerako agindu zuten, baina gerora ohikoa bilakatu da maskara kalean, mendian eta hondartzan, parkeetan eta terrazetan, udako oporretan zein eguberrietako ospakizunetan, COVID-19aren transmisioa eteteko.

Ipar Euskal Herrian, duela astebete kendu zuten kanpoaldean maskararik gabe ibiltzearen debekua: ekainaren 17an. Baina, kasu horretan ere, badu salbuespenik legeak: «egoera jakin batzuetan» baizik ez da erabili beharko, elkarretaratzeetan, jendetza biltzen den eremuetan, eta merkatu eta estadioetan. Barnealdeetan derrigorrezkoa da oraindik ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.