Azken urtean "bere funtsa duten urratsak eta hurbilketak" gertatu direla onartu du Uriartek, baina, era berean, "zantzu baikorrak eta fenomeno kezkagarriak txandan-txandan" ageri direla. "Alderdi guztietako hautetsiek arnasa hartu dute beraiei dagokien su-etena dela medio. Baina oraindik ez da desagertu hainbat herritarren bizitzei itzal egiten dien mehatxua, ezta ere hainbat enpresariren segurtasuna kolokan jarten duen amenazoa. Armak ez dira oraindik isildu,nahiz eta ez duten hain lantz jotzen. Kale-borroka, oraintsu arte geldi antzean zena, atzera gordindu egin da azken asteotan. Presoak oraindik ere urruti daude berne familiengandik eta gaur gaurkoz ez da antzematen berentzako egoera gizakoiagorik", esan du Uriartek.
Horretatik guztitik, egoera berri bat sortu dela erakuts dezaketen adierazleak gutxi direla ondorioztatu du Donostiako gotzainak: "Bortxazko ekintzen eta ordenu-indarren arteko ekin eta erantzun dialektikak ez du adierazten beste traza bateko egoerarik —esan nahi baita, distentsioa—. Sentsibilitate politiko desberdinen artean beharrezkoa den bateratzea, luzatuz eta luzatuz doa. Beraz ba, oraindik urriak dira elkarrizketa nahiz batzuen eta besteen arteko hurbilketa adierazpenak", nabarmendu du.
Baina gizartean bake nahia guztiz errotuta dagoela gaineratu du Uriartek, eta herritarrek politikariei zein gainerako eragileei hartarako urratsak eman ditzatela exijitzen dietela. "Bake garraisi hau erraietatik jalkitzen da lau haizetara. Barru-barruko oihua da, unibertsala, zuzena eta jatorra. Eta gizarteko eragileei nahiz politikoei eskatzen die une honetan erantzunkizunez jokatzeko, izateko bihotz zabalekoak eta malguak. ETAri eskatzen dio adierazteko zalantzarik gabeko zeinuen bidez, armak betiko uzteko borondate sendoa", adierazi du. Gizarteak politikari eta eragileei "egiazko elkarrizketan" oinarritutako prozesu hori "blindatzen" lagundu behar diola gaineratu du.
Horiek guztiak San Inazio bigarrenean Loiolan ematen duen mezako homilian esan ditu Uriartek. Gipuzkoako agintari nagusiek eta Jaurlaritzako ordezkariak izan dira meza horretan.
Euskal Herriko gatazka
"Distentsio trazarik" ez dela sumaten iritzi dio Uriarte Donostiako gotzainak
Euskal Herriko gatazka konponbidea dela argiki adierazten duten zantzuak eskas dira Juan Mari Uriarte Donostiako gotzainaren iduriko; areago, distentsio trazarik ez dela sumatzen adierazi du Gipuzkoako eta Jaurlaritzako agintarien aurrean Loiolako basilikan egin duen homilian. Ildo horretatik, gizarteak politikoei erantzunkizunez jokatzeko eta malguak izateko eskatzen diela nabarmendu du, eta ETAri, berriz, armak betiko uzteko borondate sendoa galdegiten diola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu