gizartea

Diziplina espedientea ireki diote 'Billy el Niño' Poliziaren Eguneko ospakizunetara gonbidatu zuen komisarioari

Ciudad Linealeko polizia etxean (Madril, Espainia) atzo egin zuten ospakizun ekitaldian izan zen frankismo garaiko torturatzailea. Haren gonbidapena ikertzeko agindu du Fernando Grande Marlaska Barne Ministroak, eta diziplina espedientea ireki dio Juan Manuel Mariscal de Ganteri.

Billy el Niño, ospakizunean. ELDIARIO.ES
2018ko urriaren 5a
09:08
Entzun

Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño polizia frankista Espainiako Poliziaren Eguneko ospakizunetan izan zen atzo, Ciudad Linealeko polizia etxean. Hala zabaldu dute La Sexta Espainiako telebista kaleak eta Eldiario.es webguneak. Polizia iturriek Efe berri agentziari baieztatu diote Jose Manuel Mariscal de Gante komisarioak gonbidatuta joan zela. Ekitaldi hartan ez ei zen izan polizia bururik, eta gonbidapenarekin bakarrik sar zitekeen. Hamaiketako moduko bat izan zen: ardoa edan zuten, eta pintxoak jan.

Torturtzailea nork eta zergaitik gonbidatu zuten ikertzeko agindu du gaur Fernando Grande-Marlaska Barne Ministroak. Francisco Pardo Poliziaren zuzendari nagusiari eskatu dio txostena, eta arratsaldean jakinarazi du, txosten hori eskuetan, diziplina espedientea ireki diola Juan Manuel Mariscal de Ganteri. Ikerketa egingo dute orain, eta komisarioa zigortu egin dezakete, edo auzia artxibatu.

Billy el Niñori merituaren dominak kentzeko eman beharreko urratsak aztertzen ari da, hain justu, Marlaska. Gaiari buruz galdetu diote gaur Isabel Zelaa gobernuko bozeramaileari. Hark esan du ez dakiela tramiteak zertan diren, baina, nolanahi ere, Billy el Niño "hiritar librea" dela, eta eskubidea duela gonbidatzen duten tokietara joateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.