DNA ematea ez onartzeagatik eginiko dei auziaren emaitza, otsailean

Paueko dei auzitegiko prokuradoreak, aurreko epaia berretsiz, isuna eskatu du Jean Mixel Aizagerrerentzat

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2010eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Paueko dei auzitegian atzo iragan auziaren balorazio baikorra egiten du Aña Mari Mendiburuk, Jean Mixel Aizagerren abokatuak. Izan ere, aukerak ikusten ditu Ortzaizeko (Nafarroa Beherea) laboraria hortik zuritua ateratzeko. Orain, otsailaren 3ra arte zain egon behar da, orduan publiko eginen baitu bere ebazpena Paueko dei auzitegiak.

Berez, Zuberoako Kako izeneko etxaldearen aferan atxilotu eta poliziak galdegin DNA probak egiteari uko egin ziolako zuten epaitu laboraria. Atzoko dei auziari dagokionez, prokuradoreak Baionako lehen auziko erabaki bera hartzea eskatu du. Erran nahi baita, 500 euroko isuna. Baina, hain zuzen, 500 euroko isuna ez onarturik, helegitea jarri zuen Jean Mixel Aizagerrek.

Aldi honetan,ordea, Paueko dei auzitegia izaki, jurisprudentzia kasu bat izan daiteke. Izan ere, auzitegi berean jadanik gibelera bota izan dute maiatzean kasu beretsu bat. Orduan, Georges Ibrahim Abdallah, ustezko Libanoko FARLeko burua izan zen epaitua. DNA ematea ez onartzeagatik epaitu zuten, baina Paueko auzitegiak zuritu egin zuen auzipetua. Delitu beragatik bi aldiz galdetu zioten DNA ematea, eta hori ezin dela dio legeak. Aizagerren kasuan ere, bi aldiz galdetu diote DNA ematea, eta bigarren kasuan ez onartu izanagatik da epaitua. Beraz, aitzineko epaiaren haritik, bigarren horren errefusatzeko eskubidea luke, ez baitiote bigarren aldi horren eskatzerik delitu berarengatik.

Bizi pribatuaren errespetuz

Dena dela, funtsaren aldetik ere, Aizagerren abokatuak deritzoDNA errefusatzeko arrazoiek balio dutela. Horietako bat da Europako Batasuneko giza eskubideen ituneko zortzigarren artikulua, zeinek baitio pertsona bakoitzak bere bizi pribatuaren errespetuaren eskubidea daukala. Prokuradoreak azpimarratu du, berriz, Frantziako Konstituzioak errespetatzen duela DNA fitxaketa mota hori.

Auzi denboran, abokatuak esplikatu du legea errespetatu behar bada ere, zaindu behar dela ea lege horrek pertsonen eskubideak bermatzen dituen ala ez. Eta DNA fitxaketaren kasuan hori dudan ematen du abokatuak.

Aizagerrek berak ere, bere burua defendatzeko hitza hartu duelarik, orain arte azaldu argumentu berekin aritu da. «DNA norberaren ondarea da; ez da estatuaren jabetza», argudiatu du batetik, eta, bestetik, Baionako lehen ebazpenari erantzun dio: «Ebazpenak norbanakoen oinarrizko askatasuna urratzen du».

Atzoko auzian bi lekuko mintzatu dira Aizagerren alde. Lehena, Frantxoa Irigoien, Kako etxaldearen afera zehazteko, eta bigarrena, berriz, Confederation Paysanne sindikatuko Jean-Emile Sanchez. Horrek ere DNA ematea ukatua izan du, eta zuritua izana da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.