Musika airean film laburrak irabazi du Euskaraz bizi nahi dut Kontseiluak antolatutako lehiaketa. 25 lan aurkeztu dituzte, eta antolatzaileek gustura amaitu dute, “ehunka pertsonek 'Euskaraz bizi nahi dut' ideiaren bueltan hausnartzea lortu dugulako”.
Hain zuzen, David Bernuesek aurkeztutako lana da Musika airean. Bi mila euro jaso ditu. Mikel Laboaren doinua baliatuz euskaraz bizitzeko nahi hori hedatu eta biderkatu daitekeela erakusten du lanak, epaimahaiaren arabera. Filman herritar batek doinu baten bidez espazio berean dauden beste euskaldunekin konektatzea lortzen du, baita portaerak aldatzea ere, eta, horrela, euskaraz bizitzeko hautuan eragitea. “Lan polita da, teknikoki oso txukuna, planifikatua. Musikak bizitza forma hartzen duela esango genuke, eta, beraz, metafora polita baliatu duela uste dugu”, esan du epaimahaiak.
Yoli Mazkiaran zuzendari eta ekoizleak, Imanol Rayo zinema zuzendariak, Ignacio Zabala Andoaingo bideo eskolako irakasleak, eta Eneko Olasagasti zuzendari eta gidoigileak osatu dute epaimahaia. Ez dute bigarren saririk eman, euren aburuz lehen sariaren eta hurrengoaren artean tarte handia dagoelako. Horren ordez, bi accesit eman dituzte: bat Audrey Hoc-en 24 ordu emakume euskaldun baten bizitzan lanarentzat izan da eta Itxaso Izagirreren Zer da niretzat euskaraz bizitzea-rentzat.
Gasteizen egin dute sari banaketa ekitaldia, Florida aretoan.
Azken txanpara iritsi diren zortzi lanak euskarazbizinahidut.org-n ikus daitezke.