Irailaren 11ko atentatuak

Dolu eguna AEBetan

Gaur bost urte egin zituzten AEBak, eta, ondorioz, munduko herrialde gehienak, dardaraz jarri zituzten atentatuak: 19 ekintzailek lau hegazkin bahitu eta leherrarazi egin zituzten, New Yorken, Washingtonen eta Pennsilvanian; ia hiru mila lagun hil zituzten. Ondorioz, dolu eguna dute gaurkoa AEBetan. George Bush presidenteak hasi ditu 5. urteurreneko ekitaldiak, New Yorkeko Dorre Bikiak zeuden lekuan loreak jarriz. Eraso horien harira, bi gerra hasi zituzten AEBek, Afganistanen eta Iraken, eta bietan gatazkak puri-purian jarraitzen du.

2006ko irailaren 11
18:41
Entzun
Egunean zehar beste hamaika ekitaldi izan dira duela 5 urteko sarraskia gogoratzeko: hegazkinek lehertarazi zituzten ordu eta minutu zehatzetan dolua agertzeko minutuko isiluneak egin dira, hildakoen izenak banan bana irakurri diren ekitaldiak ere egin dira... Horietako hainbatetan parte hartu du Bushek. Baina egungo presidenteak ez ezik, AEBetako politikan zeresana duten beste hainbat izan dira ekitaldi horietan, hala nola, Hillary Rodham New Yorkeko senadore demokrata eta haren senar Bill Clinton presidente ohia. Horietaz gain, 14:30ean beste ekitaldi bat egitekoa zen New Jerseyn.

Baina AEBetan ez ezik, munduko beste zenbait lekutan ere gogoraratuko dira irailaren 11ko atentatuak. Esate baterako, Europako eta Asiako agintariak Helsinkin egiten ari diren goibileran minutuko isilunea egin dute.

Eta beste hainbat lekutan, halabeharrez, gogoratuko dute data. Adibidez, atentatuen ondorio izan ziren Afganisten eta Iraken okupazioak. Batean zein bestean etengabeak dira atentatu, eraso eta hildakoak. Urrutira joan gabe, gaur goizean hamahiru lagun hil dira Bagdaden ekintzaile suizida batek errekrutamentu zentro baten aurka egindako erasoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.