Donaixtiko eskola husteko agindu die epaileak okupatzaileei

Gelditzea erabaki dute okupatzaileek; jabeek 72 orenen buruan Polizia dei dezakete haien kanporatzeko

Donaixtin okupatutako etxea txukuntzen eta berritzen aritu ziren atzo, auzolanean. BOB EDME.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2012ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Donaixtiko Saint Michel eskola ohia okupatzen dutenek bertan gelditzea erabaki dute, nahiz eta Baionako epaileak lekuak hustea agindu atzo, agorrilaren 10ean iragan auziaren erabakia plazaratuz. 72 oren eman dizkie horretarako. Uxerrak Donaixtiko eskolara joan, eta han direnei erabakiaren berri emanen dielarik abiatuko da oren kontaketa. Atzo arratsean ez zen oraino agertua. Urgentziako egoera bat denez, okupatzaileek erabakiaren aurka dei eginen balute ere erabakia gauzatuko litzateke dena den.

Erabakia justifikatzeko lau arrazoi nagusi aitzinatu ditu epaileak. Batetik, okupatzaileek ez dutela frogatzen akordio bat erdiesteko prest direla eraikuntzaren jabe diren Gurutzearen Alabak serora kongregazioarekin. Idatzirik ez dagoela. Bigarren arrazoia, jabetza eskubidea da. Eskubide hori legeak babesten duenez, ezin urratua da, nahiz eta kasu horretan epaileak onartzen duen ez duela dudan jartzen okupatzaileen ongi egiteko borondatea.

Hirugarren motiboa, okupazioak eragiten dituen gastuak dira.Juridikoki, kongregazioak dituela ordaindu beharko nabarmendu du epaileak, kontuan hartu arren okupatzaileek egin lanak. Laugarren puntua segurtasun mailakoa da. Argindar sarearekin lanjerrik ba ote den ez dela argi deritzo. Filipe Aramendi okupatzaileen abokatuak elektrizista baten ikerketa aurkeztu du auzitegian, erakusteko ez dela lanjerrik. Epaileak, halere, argindar sistema guztia berriz egitekoa dela pentsatzen du, lekua ez dela egokitua jendea errezibitzeko.

«Zuhurtzia» eske

Epaileak okupatzaileei eman hiru egunak bururatu, eta serora jabeek Polizia dei dezakete hangoak kanporatzeko. Zer egiteko asmoa duten galdeginik telefonoz, Pessaceko (Okzitania) seroren ordezkariaren harrera biziki hotza izan da: «Dakidan gauza bakarra da guk hasieratik eskatzen dugula lekuak husteko. Hasieratik hitz egin nahi izan dugu, baina baldintza hori betez geroz». Hori erranik, izenik eman nahi izan ez duen serorak telefonoa molde hotzean pausatu du. Xavier Delavallade haien abokatuak France Bleu irratian azaldu duenez, espero dute ez Polizia deitzera behartuak izatea, eta okupatzaileen «zuhurtziari» dei egin die.

Bizkitartean, okupatzaileek han segitzeko motibatuak direla frogatu zuten atzo berean. Atzoko eguna lanetan iragan zuten, eskolako gelak garbitzen eta berriz tindatzen, besteak beste, beti ere han kultur etxe bat antolatzeko asmoz. Proiektua sostengatzen duten guztiak hara biltzera deitzen dituzte. «Ez ditzagun ametsen suntsitzaileak utzi pasatzen», Bethi Aintzina elkarteak plazaratu agirian dioenez. Gaur bertan, 10:00etan, prentsaurrekoa egitekoa dute.

Argi dute okupatzea ez bada «legezkoa, errotik legitimoa» dela. Haren ustez, auzitegiak hartu erabakia ez da «nehondik ere oinarritua, ez eta zuzena ere». Auzipetu okupatzaileetako bat da Amaia Arbeletxe, eta politikarien arduraz hitz egin du: «Hiru urte, hutsa dela lekua. Kanpainetan aipatzen dute lekua biziari nahi dutela, eta gauza bakarra egin dutela: zerbait egitea erabaki duten batzuen kanporatzea. Ez dira sekula jin ikustera zer egiten dugun. Gure kontra tematzen dira».

Jean-Pierre Vigneau Donaixtiko auzapeza denak hortik ateraraztea «normala» dela erran du. Istripu bat izanez gero, bere ardura dela eta: «Nire bizkarra behar dut atxiki».

Agintariak, uzkur

Auzapezaren hitzetan, «biziki aise da okupatzaileek bezala egitea. Baina horien aita eta amen etxean sartzen bagina, tiro bat bederen ukan genezakeen».

Erran du ahalegindu izan direla erietxe baten proiektua gauzatzen, baina egoitza handiegia dela horretarako. Kultur etxe bat, zergatik ez? «Horko buruzagiek badituzte etxeak, nahi badituzte, hutsik! Zergatik ez dute horrelakorik beren etxean egiten?». Eskola bat egin behar da, hark adierazten duenez, ez da besterik egiten ahal. «Behar ditut kontsumitzaileak. Nik herria kudeatu behar dut. Gobernamenduak behar du bere gain hartu hori, Kontseilu Nagusiak edo, serioski».

Halere aitortzen du okupazio horrek gauzak aitzinarazi lezazkeela: «Behar bada akuilatuak izanen gara gehiago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.