GIZARTEA

Donaixtiko etxe okupatua husteko agindu du epaileak

Husteko agindua jasotzen dutenetik 72 ordu dauzkate okupatzaileek handik alde egiteko. Hala ere, etxea ez dutela utziko jakinarazi dute. 

2012ko abuztuaren 21a
15:47
Entzun

Donaitxin (Nafarroa Beherea) okupatuta dagoen etxea husteko agindu du Baionako auzitegiak. Gaur bazkalondoan jakinarazi du epaia. Bordeleko serora talde batena da etxea, eta haiek egindako kanporatze eskaera babestu egin du epaileak. Agindua jasotzen dutenetik 72 orduko epea dute okupatzaileek handik alde egiteko.

Prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, ordea, gazteek ez dute etxea uzteko asmorik. Etxea "hiltzera kondenatuko" ez dutela eta, "mehatxu eta kolpeen gainetik" pasatuko direla adierazi dute okupatzaileek. Gainera, libre dauden pertsonak beraien "erresistentziarekin" bat egitera deitu dituzte. 

Joan den asteartean egin zuten auzi saioa Baionan. Seroren abokatuak adierazi zuen tokia "arriskutsua" dela eta bertatik joateko "behar gorria" dagoela. "Arazoa ez da duten egitasmoa, baizik eta erabilitako metodoa", esan zuen abokatuak, eta argi utzi zuen okupazioaren hautua "bidegabekoa" dela. Okupatzaileen defentsak, berriz, adierazi zuen ezetz, ez dela arriskurik, eta okupazioa defendatu zuen: "Okupazio hori herriaren interesaren alde doa; nahasmendu bidegabeez arras urrun gara". Lau gazte epaitu zituzten asteartean. 500 euro pagatu beharko dituzte.

Gaur auzolan eguna dute Donaixtiko etxe okupatuan. Txukunketa lanetan-eta ari dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.