Donaixtiko etxe okupatua hustu egin du Poliziak, indarrez sartuta

Eraikinaren jabe diren serorek prefekturan eskaria egin ondoren sartu da Polizia; gaur, auzapezarekin bilduko dira okupatzaileakLarunbatean manifestaldia eginen dute, Donaixtiko San Mixel eskolatik abiatuz

Bethi Aitzina elkarteko kideak, Donaixtiko eskola okupatua husten atzo goizean, Poliziaren zaintzapean. JOANES ETXEBARRIA.
Joanes Etxebarria.
Donaixti
2012ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Donaixtin (Nafarroa Beherea) okupatutako eskola hustu egin du Frantziako Poliziak. Goizean sartu zen atzo eskolara, 10:00etan, joan den agorrilaren 22an Baionako auzitegiak emandako kanporatze aginduarekin. Epaileak 72 oreneko epea eman zien okupatzaileei lekua husteko, baina ez zuten hala egin, eta, San Mixel eskolaren jabe Pessaceko (Okzitania) serorek prefetari galdeturik, Poliziak kanporaketa egiteko agindua ukan zuen atzo.

Ateak indarrez ireki zituzten poliziek, eta barnean zirenak kanporatu. «Uxerra [agente judiziala] iritsi aitzin hasi dute kanporaketa», adierazi zuen Txomin Catalogne okupatzaileak. Handik gutxira, barnean zeukaten guztia kentzeko baimena eman zieten; herriko laborarien traktoreekin eta hainbat laguntzaileren furgonetekin hustu zuten eraikina arratsalde hasierarako.

Etxe okupatuko kideen laguntzera eta sostengua erakustera 50 bat pertsona hurbildu ziren. Okupazioaren inguruan herritarren iritzia partekatua bada ere, hainbat herritar hurbildu ziren atzo sostengua erakustera. «Etxea bigarren aldiz hiltzen ari dira», adierazi zuen adineko emazte batek, duela hiru urte eskola itxi zutela gogoan hartuta.

Jean-Pierre Vigneau herriko auzapeza, aldiz, hasieratik agertu da xedearen kontra, Jean-Louis Caset Iholdiko kontseilari nagusia bezala. Oztibarreko hautetsien artean badute, haatik, sostengua, hala nola Izurako auzapez Daniel Olzomendirena eta Eric Iturralde Bunuzekoarena, baita Peio Bacho Donaixtiko hautetsiarena ere. Gazteek ziurtatu dute hautetsien babesa ez ezik beste anitz ere bildu dutela udan antolatutako ekitaldietan.

Hitzordua herriko etxean

Eraikina hustu ondoan, auzapezaren etxera joan ziren denak manifestaldi bat eginez. Hitzordu bat galdetu zioten hari, eta, hasieran, ez zuela mintzatu nahi erran ondoan —prentsak galdetu adierazpenik egitea ere ez zuen onartu—, azkenean gaurko jarri zien hitzordua: 15:00etan bilduko dira, herriko etxean. Tenore berean elkarretaratze bat antolatu dute San Mixel eskola okupatuaren sostengatzaileek.

Okupazioaren inguruko xedea aitzina eramateko erabakia agertu zuten kanporatuek. Atzo iluntzerako antolatua zuten Gartxot filmaren proiekzioa ere mantendu egin zuten, baina frontoian egitea deliberatu dute, kanporaketaren ondorioz. Bestalde, udan hasi duten sostengu sinaduren bilketa ere aitzina segitzen dutela jakinarazi zuten. Bihar, 15:00etan, manifestaldi bat eginen dute Donaixtiko eskolatik abiatuz.

Jabeekin ezin adostuz

Eskolaren jabe diren serorekin hasieratik saiatu dira adostasuna lortzen okupazioa egin dutenak. «Erraten zuten kontratu bat egiteko prest zirela, baina guk kanpoan lo egin behar genuela. Gero, baldintzak gehitzen zituzten beti. Azkenean, auzitara eraman gintuzten, eta gu herritarren lekukotasunekin joan ginen, bagenuen argiketari baten testigantza bat lekua segurra zela zioena, adibidez», azaldu du Mirentxu Arbeletxek.

Serorek Oztibarreko kultur eragile batzuengana jo zuten okupazioaz zuten iritziaren berri ukaiteko, eta, nahiz eta baikor agertu ziren iritzi emaileak, kanporaketara iritsi dira. «Ez dakigu oraino zer eginen dugun, baina saiatuko gara haiekin berriz harremanetan sartzen», segurtatu du Arbeletxek. Gainera, gogorarazi du eraikin hori herritar talde batek egin zuela eta gero utzi zuela seroren esku.

Poliziak eskola hustu izana salatzeko, mobilizazioak izango dira hurrengo egunetan, gaur eta bihar, Donaixtin bertan —hitzordua 15:00etan dute bi egunetan—, baina beste protesta eta ekintza gehiago ere izanen direla aditzera eman dute okupazioko kideek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.