Donamartirin ikastola irekiko du Seaskak iraileko eskola sartzerako

Arberoa ama ikastolak Izturitze, Donostiri eta Donamartiriko hamar haurrekin abiatuko da

AITOR RENTERIA DONAMARTIRI
2007ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Heldu den eskola sartzerako Seaskak Arberoa ama ikastola irekiko du Donamartirin (Nafarroa Beherea). Hamar haur ingururekin abiatuko da, eta eskaintza inguruko herriei zabalduko die, bertzeak bertze, Donostiri eta Izturitzeko guraso eta haurrei. Seaskak bere gain hartuko du egoitza egokitzea, eta materiala erosi ahal izateko,gurasoek kanpaina bat abiatuko dute.

Hurbiltasunaren garrantzia azpimarratu zuen Maritxu Riviere ikastolako gurasoak. Gaur egun haurrak ikastolan ezarri nahi dituzten hiru aukera dituzte: Hazparne, Ortzaize edo Donapaleuko ikastola. Kasu guztietan hurbilen den ikastolara joateko 12 kilometro baino gehiago egin behar dituzte gurasoek.

«Izturitze bi kilometrora dago; Donostiri, 1,5 kilometrora; Heleta, zazpira; Iholdi, hamarrera; Armendaritze, zazpira; eta Mehaine, bost kilometrora. Gure eskualdean euskararen irakaskuntzak duen hutsunea bete nahi du Arberoa ikastolak», adierazi zuen Rivierek.

Urte batez egin dituzten urratsak ekarri zituen gogora Rafael Agerre ikastolako gurasoak. Informazio lana abiatu dute eskualdean, 2002az geroztik sortu diren haurren gurasoei zuzendua. Hautetsienganako urratsa ere egin dute eta bilkura publikoak antolatu dituzte xedea aztertzeko. Ororen buru egoitza atzeman dute, alokairuan, baina momentuz ordainketarik gabe.

TRABEN GAINETIK ERABAKIA. «Seaskako egoitzak batzordeak beregain hartuko ditu eskola egokitzeko xahutzeak», adierazi zuen Ixabel Xarriton Seaskako lehendakariak. Ez zuen gorde Frantziako Hezkuntzaren partetik trabak egon direnik. Izan ere, Arberoa ikastola Hazparneko Ezkia ikastolaren antena gisa sortuko litzateke, administrazio trabak direla eta.

Larunbaterako manifestazio deialdia berretsi zuen Xarritonek. Bi postu gehiago lortu ditu Seaskak, baina oraindik eskas ditu irakasle lanpostu bat lehen mailan eta bi bigarren mailan.

[email protected]
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.