Nafarroako Gobernuak udalaz gaindiko plan sektoriala bideratzea onartu du gaur, Iruñeko Donapea lanbide heziketarako institutu publikoa lekuz mugitu —Ipar Etxabakoitzera— eta lurrak Nafarroako Unibertsitateari emateko. Bertan ikerketarako hiru zentro eraiki nahi ditu unibertsitate pribatuak.
Proiektuak nafarroarentzat duen "garrantzi estrategiakoa" nabarmenduz hartu du erabakia UPNren gobernu taldeak. Hilaren hasieran, osoko udal bilkuran atzera bota zuten udal plana eraldatzea Donapea ikastetxea lekuz mugitu ahal izateko. PSN, NaBai, Bildu eta Ezkerraren babesarekin eragotzi zuen udalak Nafarroako Unibertsitatea eremu horren jabe egitea, UPNren asmoak deuseztuz.
Luis Zarraluki Sustapen eta Etxebizitza kontseilariaren esanetan, udalak badu erabakiaren berri eta, bideratutako hirigintza-proiektua "babesten" duela adierazi du. Udalak erabakia helegiteko aukeraz galdetuta, "dena da posible" erantzun du; "baina ez dakit zein argudio juridiko erabiliko lukeen".
Donapea Institutuak 30 urte baino gehiago daramatza lanean. Eraiki nahi duten ikastetxe berriak baina azpiegitura moderno eta aurreratuagoak izango dituela nabarmendu du Gobernuak eta 28 titulazio eskainiko direla. Gainera, Opus Deiko unibertsitatearen ikerketa zentruek "ahaztutako gaixotasunak, nutrizioa eta bioingenieria alorretan" aurrerakuntzak ekarriko dituztela adierazi du.