Gizartea

Donapea tokiz ez aldatzeko eskatu dute irakasleek

Hainbat sindikaturen, Iruñeko Udaleko agintari ohiren eta gizarte eragileren babesa jaso dute; Nafarroako Gobernuak Opus Deiri mesede egin nahi diola salatu dute.

Eragile ugariren agerraldia. I. Z., ARP
edurne elizondo
2013ko urriaren 15a
14:48
Entzun

Iruñeko Donapea ikastetxeko irakasleek ez dute tokiz mugitu nahi. Lanbide heziketako zentroak egun hartzen duen orubea Nafarroako Unibertsitatearen esku ez uzteko eskatu diote Nafarroako Gobernuari. Eta ez dira iritzi hori agertu duten bakarrak izan. Hainbat sindikaturen, Iruñeko Udaleko agintari ohiren eta gizarte eragileren babesa jaso dute irakasleok, ikastetxean bertan, Donapeak toki berean jarrai dezala galdegiteko. Gobernuaren asmoa da zentro hori Etxabakoitz auzora mugitzea, eta egun Donapeak hartzen dituen lurrak Nafarroako Unibertsitateari saltzea, mediku ikerketarako hiru zentro egin ditzan.

"Donapea tokiz aldatzeko arrazoirik ez dago; Donapean bertan bada tokia ikastetxea handitzeko; eta egungo eraikina konpontzeko ere, Hezkuntza Departamentuak aipatu zortzi milioi euroko kopurua baino askoz ere gutxiago behar da", nabarmendu du Nekane Otxotorena irakasleak. Gogoratu du zentroko irakasleek joan den astean egindako bileran denak agertu zirela Donapea tokiz aldatzeko asmoaren aurka. Donapearen egoerak hobera egin dezan inbertsioa eskatu dute zentroko arduradunek, baina argi utzi dute tokiz aldatzeko asmoak Nafarroako Unibertsitateari baino ez diola mesede egiten.

Hori nabarmendu dute Iruñeko alkate eta zinegotzi ohi Jesus Belaskok eta Elias Antonek ere. "Opusek aspalditik nahi zuen orube hau; Zizurrerainoko lurren jabe izan nahi du Nafarroako Unibertsitateak, eta asmo hori betetzeko Donapea ikastetxea oztopo bat bertzerik ez da", azaldu du Antonek. Datorren ostiralean, 19:00etan, manifestazioa eginen dute Donapeako kideek, tokiz ez aldatzeko eskatzeko. Nafarroako Parlamentuaren aurretik abiatuko dira. Urriaren 24an parlamentuan bertan Donapeari buruzko lege proposamen bat aztertuko dutela gogora ekarri du Nekane Otxotorenak. "Haren bidez, gure orubea saltzeko proiektuari buruzko udalez gaindiko sektore plana atzera botatzea da asmoa". PSNk izanen du bozketaren giltza. "Alderdi sozialistak esan digu bere helburua dela Donapea tokiz ez mugitzea", azaldu du Otxotorenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.