Adostasunik ez dagoela eta liskar giroari ez diola gehiago eragin nahi. Argudio horiek eman ditu Alfonso Sanchez Tabernero Nafarroako Unibertsitateko (NU) errektoreak. Donapean hiru laborategi eraikitzeko Nafarroako Gobernuarekin sinatua zuen kontratua etetea erabaki du Opus Deiren unibertsitateak. Ustekabean. Atzo iluntzean eman zuen berria errektoreak. Parlamentuan Donapeako egitasmoa geldiarazteko gaur egin behar duten eztabaidarako ordu batzuk baino falta ez zirela eman zuen erabakiaren berri. Donapeako Lanbide Heziketako zentro publikoaren lurrak Opus Deiri saltzeko egitasmoak polemika handia eragin du Nafarroan azken hilabeteetan.
Liskarren erdian, eta oposizioko alderdien eskakizunei kasu eman gabe, egitasmoarekin aurrera egitea erabaki du beti UPNk. Orain, ordea, bere kasa hartu du erabakia unibertsitateak. "Donapeari buruzko negoziazioa beti adostasunez egin da, baina orain liskarra dago, eta ez dugu joko horretan aritu nahi", adierazi du Alfonso Sanchez Tabernerok. Kontratua eteteko erabakiarekin "harmonia berreskuratzen lagundu" nahi duela erantsi du errektoreak.
Auzia parlamentura iristeak eztabaida mikaztu du. Iruñeko Udalak atzera bota zuen egitasmoa —hango lurretan dago Donapeako ikastetxea—. Nafarroako Gobernuak Udalez Gaindiko Interesa duen Proiektu Sektorial (UGIPS) bat abiatu zuen. Gelditzeko eskatu zioten oposizioko alderdiek, baina aurrera egin zuen gobernuak. Lege egitasmo bat prestatu zuten, orduan, Bilduk, Aralar-NaBaik, Geroa Baik eta Ezkerrak. UGIPS direlako horien erabilera arautu nahi dute alderdi horiek, gobernuak ez ditzan baliatu udalek gelditutako proiektuak garatzeko. Parlamentuak gaur aztertuko du lege egitasmo hori. Eta eztabaida horren atarian hartu du erabakia NUk.
PSNk ez du guztiz bat egin lege egitasmo horrekin; zuzenketa batzuk aurkeztu dizkio. Sozialistak beldur dira UGIPS guztiei eragingo ote dien parlamentuko erabakiak. Gobernuak plan sektorial horietako bat erabiliz baimendu zuen, esaterako, hondakinak errausteko baimena Olatzagutiko Cementos Portland lantegiarentzat. Arangurengo zabortegiaren proiektua ere prozedura hori erabiliz garatu zuen. UGIPS guztiei eragin gabe, baina Donapeako proiektua gelditzeko, zuzenketak oposizioko beste alderdiekin adostu nahi dituela esan du PSNk aste honetan.
PSN, adostasunerako prest
UPNk eta PSNk aste osoa eman dute Donapeari buruz negoziatzeko baldintzei buruzko mezuak gurutzatzen. Parlamentuan gaur egitekoa den eztabaidaren atarian bizkortu dira bi alderdiek elkarri eginiko keinuak. Negoziatzera esertzeko, UPNren gobernuari UGIPS prozedura bertan behera uztea galdegin dio PSNk aste honetan. Gobernuak ezetz erantzun zuen. Baina Juan Luis Sanchez de Muniain gobernuko eledunak PSNri keinua egin zion atzo bertan: "Hiruk sinatu zutena, hiruk berritu beharko lukete". Izan ere, Donapeako lurrak Opus Deiren unibertsitateari saltzeko eta Donapeako Lanbide Heziketako zentroa lekuz aldatzeko hitzarmena hasieratik sinatu zuen PSNk, 2011n. Egokiena PSNrekin bilera bat egitea litzatekeela adierazi zuen atzo goizean Sanchez de Muniainek, NUren erabakiaren berri izan aurretik.
UPNk UGIPS prozedura hori bertan behera utzi gabe, NUk geldiarazi du prozedura. Eta baikor hartu du PSNk. Kontratua eteteko NUren erabakiaren berri izan eta berehala erantzun du: "Adostasun eremuak sortzeko prozesu bati begira, parte guztiek irabaz dezaten, eraikitzailea da erabakia". Eskakizuna argitu du PSNk: Etxabakoitzen Osasun Eskola kokatzea eta Donapeako Lanbide Heziketako zentroari "azpiegitura berriak" jartzea. Hori du helburua. NUk, Donapeako hezkuntza komunitateak, Osasun Eskolak eta gobernuak elkarrizketa prozesu bati ekin behar diotela esan du PSNk. "Jokaleku horretan laguntzaileak izango gara".
UPNren gobernuko eledunak, aldiz, kontratua bertan behera uzteko NUren erabakia "albiste txarra" dela adierazi zuen iluntzean. Ordu batzuk lehenago, eguerdi partean, bestelako balorazio bat emana zuen Sanchez de Muniainek: "Baldintzak bideragarriak baldin badira, eta hitzarmena sinatu zuten hiru entitateen artean akordio bat egiten bada berriz, tramitatzeko modua eta kokapena ez dira arazo izango". Parlamentuko gaurko eztabaidan ikusiko da UPNk eta PSNk negoziatzeko zenbaterainoko asmoa duten, eta adostasun berri bat josteko bideak jarriko dituzten.
Hezkuntza publikoaren alde
Alfonso Sanchez Tabernerok atzo egindako agerraldiak ezustean harrapatu du David Ardanaz Donapeako irakaslea. Halako erabakirik ez zuela espero onartu du, baina nabarmendu du lanbide heziketako ikastetxearen inguruko auzian zentroko irakasleen asmo bakarra izan dela haien hezkuntza proiektua defendatzea eta babestea, eta horretan jarraituko dutela erantsi du. "Nafarroako Unibertsitatearekin guk ez dugu zer ikustekorik, haiek jakinen dute zergatik hartu duten erabaki hori. Guk argi izan dugu, beti, Donapea tokiz aldatzeak kalte egiten diola zentroari, lanbide heziketari eta hezkuntza publikoari; horregatik egin dugu proiektu horren kontra; Nafarroako Unibertsitateak bultzatu du proiektu hori, eta, ondorioz, haren kontra egin dugu. Guk hezkuntza publikoa defendatu dugu".
Ikastetxearen defentsan Donapeako irakasle guztiek egin dute bat. Hamaika protesta egin dituzte azken hilabeteotan, ikastetxea lekuz aldatu nahi zuen egitasmoaren aurka. Zentroko azken bileran 78 irakasletatik 77 agertu ziren proiektuaren aurka. Joan den astean, berriz, sindikatu eta gizarte eragile anitzen babesarekin, karrikara atera ziren Donapeako kideak, eta ikastetxea ez dela salgai aldarrikatu zuten ehunka herritarrekin batera, Iruñean egindako manifestazioan. Gaur ere, karrikan izanen dira Donapeako irakasleak, manifestazioa eginen baitute ikastetxetik Nafarroako Parlamentuaren egoitzaraino. 09:30ean osoko bilkura hasiko da parlamentuan, eta elkarretaratzea eginen dute irakasleek kanpoko aldean.
UPNk, PSNk eta NUk 2011n sinatutako kontratuaren arabera, Donapeako ikastetxea eta Osasun Eskola publikoa Etxabakoitzera aldatzea zen asmoa. Donapeako lurrak, berriz, NUri salduko lizkiokete. Eremu horretan hiru laborategi jartzeko asmoa zuen unibertsitateak. Nutrizioari, osasun tropikalari eta bioingeniaritzari buruzko ikerketak garatzekoak ziren hiru laborategi horietan. Kontratua eteteko erabakiaren berri emanda, laborategiekin zer egingo duten ez duela erabaki adierazi du NUko errektoreak. "Hausnarketa epe bat" hasiko duela esan du, ez gehiago.