Hezkuntza

Donapeako egitasmoa utzi du Nafarroako Unibertsitateak

Adostasunik ez dagoela argudiatu du Alfonso Sanchez Tabernero errektoreak, eta beraz eten egingo duela kontratua. PSNk negoziatzera dei egin die eragileei.

2013ko urriaren 23a
21:57
Entzun

Bere kasa hartu du erabakia Nafarroako Unibertsitateak (NU): bertan behera utzi du Donapeako lurrak erosteko eta laborategiak bertan eraikitzeko egitasmoa.

"Donapeari buruzko negoziazioa beti adostasunez eraman da, baina orain liskarra dago eta ez dugu joko horretan aritu nahi", adierazi du Alfonso Sanchez Tabernero NUko errektoreak.

Sortu den eztabaida ikusita, eta adostasunik ez dagoela baloratuta, Sanchez Tabernerok jakinarazi du egitasmoa bertan behera utzi duela. "Urrats honekin harmonia berreskuratzen lagunduko dugula espero dugu".

Donapeako gaur egungo Lanbide Heziketako zentroa lekuz aldatu, lur horiek NUri saldu, eta bertan hiru laborategi eraikitzeko hitzarmena sinatua zuten, orain bi urte, Nafarroako Gobernuak eta unibertsitateak —Opus Deirena da—.

Hiru laborategi horiekin zer egin erabakitzeko, "hausnarketa epe bat" hasiko duela jakinarazi du gaur iluntzean Sanchez Tabernerok.

Edozein moduz, Nafarroan "aberastasuna eta enplegua sortzeko" betekizunari eusteko asmoa duela adierazi du NUko errektoreak.

PSN, negoziatzeko prest

NUren erabakia baikor hartu du PSNk, eta negoziatzera dei egin die Donapea lekuz aldatzearekin zerikusia duten eragile guztiei.

Etxabakoitzen Osasun Eskola kokatzea eta Donapeari "azpiegitura berriak" jartzea, horiek jarri ditu helburu gisa PSNk. Adostasun berrietarako iristeko prest agertu da oinarri horiekin.

"Albiste txarra da". Juan Luis Sanchez de Muniain Nafarroako Gobernuko eledunak etsipenez hartu du albistea. "Ikerketa, inbertsio eta lanpostu" aukerak galduko direla adierazi du.

Sanchez de Muniainen arabera, NUk atzera egitea erabaki du "biharko panoramaren aurrean". Izan ere, Donapeako egitasmoa geldiarazteko lege proposamen bat aztertzekoak dira bihar parlamentuan.

Bilduk, Aralar-NaBaik, Geroa Baik eta Ezkerrak lege proposamen bat aurkeztua dute, Udalez Gaindiko Interesa duen Proiektu Sektorialaren (UGIPS) izaeraren erabilera arautzeko.

Donapearen egitasmoa atzera bota zuen Iruñeko Udalak, eta Nafarroako Gobernuak udalez gaindiko interesa duela argudiatuta hasi zuen prozedura. Parlamentuak bihar aztertuko duen lege egitasmoak eskatzen du plan mota horiek ez erabiltzeko udalen erabakien kontra egiteko.

PSNk Donapeari lurrak saltzeko hitzarmena sinatu zuen 2011n, UPNrekin gobernu koalizioan zenean. Gerora proiektuaren aurka egin du, eta Iruñeko Udalean proiektua gelditzeko botoa eman zuen.

Biharko parlamentuko bileran PSNk zer jarrera hartuko zuen argitu gabe zegoen, ordea. Lege egitasmoari zuzenketa batzuk aurkeztuak zizkion, UGIPS direlako horien erabilera ez mugatzeko erabat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.