Politika

Donibane Lohizuneko auzapezak ABri ez dio udal gela utziko bakeaz hitzaldia egiteko

ABren asmoa bake prozesua krisitik nola atera aztertzea da, baina Peyuco Duhartek erran du Barajasko atentatua eta gero ez dela "komeni" orain bakeaz hitzaldia egitea. Bi hautetsik eskatu zuten udal gela eta auzapezak berez ezin die ukatu. ABk auzitegi administrabora jo du eta bihar goizean hartuko dute auziaz erabakia. Otsailaren 9an egin nahi dute solasaldia.

2007ko urtarrilaren 24a
17:42
Entzun
Abertzaleen Batasunak (AB) otsailaren 9rako bake prozesua krisitik nola atera aztertzeko hitzaldia du antolatua, eta Michel Rocard Frantziako lehen ministroa izandakoa, Jean-Pierre Massias irakaslea eta Gerard Onesta Europako Legebiltzarreko lehendakariordea ekarriko ditu, baina, oraingoz, badu eragozpen bat: Peyuco Duhart Donibane Lohizuneko auzapezak (UMP) ez dio hitzaldia egitekoa den udal gela utziko. Duhartek erran du Barajasko atentatua eta gero ez dela "komeni" orain bakeaz hitzaldia egitea.

ABko bi hautsetsik eskatu zuten Donibane Lohizuneko udal gela, eta auzapezak ukatu egin die. Eskatu zutenak bi hautetsi izatean, baina, auzapezak ezin du horrelako erabakirik hartu; "are gutxiago, erabili dituen arrazoiak politikoak badira", ABk adierazi duenez. Hori dela medio, ABk auzitegi administrabora jo du eta bihar goizean hartuko dute auziaz erabakia.

"Maila handiko eztabaida" izango da, AB erran zuen duela egun batzuk. "Bake prozesu bat krisian sartzen denean, prozesua nola bultzatzen den aztertzea da hitzaldiaren helburua". Duela lau hilabete hasi ziren eztabaida antolatzen. Hasierako helburua, elkarren arteko bakea egiteko, bake prozesu batean herritarrek zer egiten duten zehaztea zen. Atentatuaren ondotik gaia aldatu zuten. "Gure beldurra zen hizlariek ez zutela onartuko testuinguru berrian hitzaldia eskaintzea. Baina ez, etorriko dira. Pasatzen dena pasaturik ere, prozesuak aitzina segitu behar duela irakasten digute. Hego Euskal Herriko alderdiek eta Zapaterok entzun behar duten irakaspena".

Euskal Herri osoko alderdi eta eragileei bidali die gonbidapena ABk. 1.500 orotara. Haatik, lekuak mugatuak izanen dira, eta tokia erreserbatu beharko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.