Mossauik onartu du mugimendu islamistarekin harremana zuela, baina, era berean, ukatu egin du Irailaren 11ko atentatuekin zerikusirik duela. Hala ere, eraso horiengatik AEBetan epaituko duten lehen pertsona da; areago, Irailaren 11gatik auzipetutako bakarra.
"Semea heriotzera zigortuko duten beldurra daukat. Egin duenagatik zigortzea nahi dut, ez arabiarra delako. Justizia eskatzen dut, eta ez harrapatu duten eta eskura daukaten pertsona bakarra zigortzeko prozesu bat", adierazi du Mossauiren ama Aixa Al Wafik Frantziako Le Parisien egunkariak egin dioten elkarrizketan.
Atxilotu zutenetik semeak jaso duen tratuaren inguruan ere kexu agertu da Al Wafi: lau urtez bakartuta egon dela salatu du, eta ez duela kanpoko informazioa jasotzeko aukerarik. "Ez du irtenbiderik ikusten, eta, ondorioz, errudun dela esatea erabaki du. Hala ere, behin eta berriz esan du ez duela Irailaren 11koekin zerikusirik", nabarmendu du France Soir -i egindako adierazpenetan. Semea heriotzera zigor dezaketela entzuten duten bakoitzea "izua" sentitzen duela agertu du amak, eta ez duela inor hil oroitarazi du.
Mossauri Donibane Lohizunen jaio zen duela 37 urte, eta berak aitortu izan duenez, Londresen jarri zen mugimendu islamistarekin harremanetan.
Irailaren 11ko atentatuak
Donibane Lohizunen jaiotako gizonezko baten aurkako epaiketa hasiko da gaur AEBetan, Irailaren 11ko atentatuengatik
Irailaren 11ko atentatuekin zerikusia izatea egozten dioten Zacarias Mossauiren aurkako epaiketa hasiko da gaur AEBetan, Virginiako estatuan. Donibane Lohizunen (Lapurdi) jaio zen Mossaui, eta haren amak kezka handia agertu du semeari gerta dakiokeenaren inguruan. Izan ere, Mossauik ukatu egin du Irailaren 11ko erasoetan parte hartu zuela, baina, hala ere, heriotza zigorra eskatzen dute haren aurka. Erasoak gertatu baino hilabete lehenago atxilotu zuten Mossaui hegazkin pilotu izateko eskola batean, bisatua ez zuelako behar bezala. Irailaren 11ko atentatuengatik AEBetan epaituko duten lehen pertsona da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu