Askatasunaren hiribidean, Santander Bankuaren aurrean, egin dute gaur goizean Kaleratzeak Stop plataformako ordezkariek agerraldia. Izan ere, banku horrek etxea galtzeko arriskuan den —urriaren 27an egin asmo dute enkantea— familiaren kasuan ez duela ondo jokatu esan dute. Bankua "praktika onen kodera" atxikita badago ere, Martutene auzoko familia horren "zailtasun ekonomikoak" ez dituela aintzat hartu deitoratu dute, eta horren ondorio dela orain etxe horretan bizi duten egoera larria. Parte hartu du etxea galtzeko zorian den jabeak agerraldian; Luis Fernandez da, kamioi gidari lanean ibili ohi zen gizon bat. Kontatu du arazo ekonomiko larriak dituela lan istripu baten ondorioz lana galdu zuenetik, eta bere zailtasunen berri bankuari eman arren, bankuko arduradunek ez diotela inolako konponbiderik proposatu.
Kaleratzeak Stop plataformako kideen ondoan izan dira gaur EH Bildu, Irabazi eta PSE-EEko zinegotziak. Podemosek, Equok eta Ezker Anitzak ere ordezkariak bidali dituzte agerraldira. Aldiz, PP eta EAJko ordezkaririk ez da izan. Nolanahi ere, Eneko Goia alkateak gaur goizean dei bat egin diela esan dute plataformako ordezkariek, eta ostiralerako bilera bat hitzartu dutela harekin. Kaleratzeak Stop plataformaren iritziz, zinetan garrantzitsua da berak auzi honetan esku hartzea, enkantea gerarazteko. Donostiako aurreko alkateak halaxe jokatzen zuela gogorarazi dute, eta Errenterian, Eibarren, Pasaian eta Lasarte-Orian ere izan direla era horretako esku hartzeak alkateen partetik. EAJri eskatu diote jarrera horixe bera izateko berak agintea duten udaletan.
Donostiako Udalean gaiari buruzko mozio bat botatuko dute gaur, Kaleratzeak Stop plataformak aurkeztutakoa. Donostia enkanterik gabeko hiri deklaratzeko testu horren bidez eskatu nahi dute. "Aho batez onartzea espero dugu", esan du plataformako ordezkari Rosa Garciak. "Donostia 2016an kulturaren hiria izango den bezalaxe, enkanterik gabeko hiria izatea nahi dugu".