Donostiako, Gasteizko eta Bilboko AHT abiadura handiko trenaren sarbideak diseinatzen ekainean hasiko direla ziurtatu dio Sustapen Ministerioak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko kontseilari Ana Oregiri.
Gipuzkoako obrak Eusko Jaurlaritzak kudeatzen ditu, eta trenbidearen obra zibilaren azpiegiturak 2016 urterako amaituta egongo direla espero dutela jakinarazi du Oregik. "Hori amaituta, bi urte behar dira superestruktura egiteko". Beraz, 2018rako amaitzea espero duela berretsi du.
Arabako eta Bizkaiko kasua ezberdina da, Espainiako Gobernuak kudeatzen duelako bi lurraldeetako AHTa. Oregik adierazi du bi lurralde horietako hainbat gunetan lehiaketa ere egin ez dutela. Ana Pastor Espainiako Gobernuko Sustapen ministroari hainbatetan galdetu omen dio noiz egingo duten tarte horien lehiaketa, horrek Jaurlaritza "arduratzen" duelako. Eta horrez gain, Espainiako Gobernuari eskatuko diote epeak zein diren jakinarazteko.