Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak zenbait idazki ofizial bidali dizkie EAEko eta Espainiako fiskal nagusiei, Adolfo Suarezen heriotzagatik Espainiak dekretatutako dolu ofiziala bete ez dutelako Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Dekretu horren arabera, hilaren 24 eta 26 artean Espainiako eraikin publiko eta armadaren itsasontziek makila erdira jarri behar zuten Espainiako bandera.
Urkijok uste du Izagirrek eta Garitanok ustezko prebarikazio delitua egin dutela, eta ohartarazpen horien bidez, "zuzenbide estatuaren aurkako eraso zuzena zigorrik gabe ez uztea" du helburu. Izagirrek, Garitanok eta haien alderdi Bilduk erakutsitako "sentsibilitate eza" nabarmendu du Urkijok.