Donostiako Udalera begira, argitzen ari da zein izango diren hautagai nagusiak 2011ko udal eta foru hauteskundeetarako. Eneko Goia Diputazioko eleduna EAJren eskutik aurkeztuko dela iragarri ostean, Odon Elorza sozialistak ere baieztatu du Donostiako alkatetzan jarraitzeko hautagaitza aurkeztuko duela. «Sekula baino gogo eta ilusio handiagoarekin» egingo du, gainera. Herritarrei gutun ireki bat idatzita eman du erabakiaren berri, eta, bertan azaldu duenez, egin dezakeen ekarpenari buruzko «hausnarketa etikoa» egin ondoren hartu du erabakia.
Donostia «hiri landua eta gazteagoa izatea, bakearekiko, giza eskubideekiko eta iraunkortasunarekiko konpromiso handiagoa izatea eta solidarioagoa zein sortzaileagoa» izan dadila nahi du Elorzak. Hori «guztion eginkizuna» dela dio, eta lan horretan buru-belarri arituko dela.
Hiru lehentasun
Datozen urteetarako hiru lehentasun izango dituela azaldu du alkateak. 2016an Europako Kultur Hiriburu izateko izendapena eskuratzea da bere lehen erronka, «partaidetza kultura, balioetan oinarritutako hezkuntza eta giza eskubideen errespetua Europako hirien elkarbizitzarako mesedetan» jartzea oinarri izanda.
Bestetik, hiria «balio demokratikoen gainean moralki birsortu» nahi du Elorzak. Indarkeria eta «gorroto adierazpenak» desagerraraztea «ezinbesteko jomugatzat» duela dio.
Krisiari aurre egitea du hirugarren erronka, eta, horretarako, «ekonomia sozial berri eta iraunkorrari» lotutako jardunetan inbertitu nahi du.
Gipuzkoako PPko presidenteak uste du Donostiako Udalak aldaketa behar duela ia hogei urteren ostean. Eta PPkoek, EAJrekin batera behar bada, Elorzari alkatetza kentzen ahaleginduko direla esan dute: «Ez dugu inolako akordiorik baztertzen hauteskundeen ostean». Borja Semper Gipuzkoako PPko presidenteak uste du Elorzak «iparra galdu» duela pixka bat hainbeste urte alkatetzan eman ostean. Aire freskoa behar dela iritzita, udalean aldaketa egon dadin ahaleginduko direla berretsi zuen.
Elorzak kritikatu egin zuen PPk esan izana ez duela errespetatuko gehien bozkaturiko zerrenda. Eta hauteskundeak pasatu aurretik kinielarik ez duela egin nahi esan arren, Alternatiba eta Aralarrekin berriro taldea osatzea gustatuko litzaiokela esan zuen.
Donostiako alkate izateko aurkeztuko da berriz Elorza
«Sekula baino gogo eta ilusio handiagoa» duela dio Odon Elorzak erabakia jakinarazteko plazaratutako gutunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu