Garraioa

Donostiako Aste Nagusia amaitu bitartean, lanuzteak egingo dituzte Euskotrenen

Lanuzteak 19:00etatik 02:00etara bitarte egingo dituzte. Jaurlaritzak %75eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu "puntako orduetan".

Euskotreneko Amarako langileen elkarretaratzea, artxiboko irudi batean. BERRIA
2016ko abuztuaren 13a
09:29
Entzun

Donostiako Aste Nagusia baliatu nahi dute Amarako Greba Batzordeko kideek eureen aldarrikapena entzunarazteko. Helburu horrekin lanuzteak egingo dituzte gaurtik hasi eta hilaren 21a arte, arratsaldeko 19:00etatik goizaldeko 02:00etara. Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Sailak, ordea, %75eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu "puntako orduetarako".

Greba Batzordeko kideek gehiegizkotzat jo dituzte ezarritako gutxieneko zerbitzuak, eta horiek greba eskubidea urratzen dutela salatu dute. Horretaz gain, enpresa zuzendaritzaren jarrera kritikatu dute, eta ukatu greba "negoziazioei entzungor eginez antolatutakoa" dela. "Ez dugu ahaztu behar ekainean bertan mobilizazioak bertan behera utzi genituela, negoziazioak errazte aldera. Baina enpresak akordioei ateak itxiz erantzun zuen".

Datorren udazkenean lan egoitza aldatuko diete Amarako Euskotreneko langileei, eta Donostiatik Irunera eramango dituzte. Horiek hala, langileek eskatzen dute enpresak berma ditzala orain arteko lan baldintzak, eta, batez ere, errespeta dezala libratzen duten asteburu kopurua. Greba Batzordeak, baina, salatu du zuzendaritzaren erantzuna ezezkoa izan dela hasieratik.

Akordiorik ezean, gehiago

Greba Batzordeak ohartarazi du datozen asteetan lanuzte gehiago egingo dituztela, baldin eta akordiorik lortzen ez bada. Dagoeneko hainbat data ere zehaztu dituzte, besteak beste, irailaren 4a eta 11 —Kontxako Bandera jokatzen da egun horietan—, irailaren 9a —Zarauzko Euskal Jaien egun handia— eta irailaren 12a —Altzarako zerbitzuak jarriko dituzte martxan egun horretan—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.