Donostiako udal gobernuak PPri eskatu dio Aste Nagusia «politizatzeari» eta «polemika eta eztabaida interesatuekin nahasteari» uzteko. Halaber, donostiarrei jaiak «lasai eta bakean» gozatzen uzteko exijitu dio Bilduk. Modu horretan erantzun dio Josu Ruiz gobernuko eledunak Ramon Gomez PPko bozeramaileari, Aste Nagusian Etxerat elkarteari Zuloaga plazan txosna bat jartzeko baimenaren inguruan egindako adierazpenengatik. PPko eledunak kritikatu zuen Etxerat-ek «ETAko presoei» egun bat eskaini nahi ziela Donostiako jaietan, eta hori ez baimentzeko eskatu zion alkateari. Etxerat-ek Zuloaga plazan egin nahi zuen bere ekitaldia, baina aurretik beste eskaera bat zegoen arkume erreketa egiteko, eta horri eman zaio baimena. Etxerat-ek jakinarazi duenez, beste ekitaldiaren berri izatean bere asmoa toki horretan ezer ez egitea zen, eta oker batengatik ez duela eskaera atzera bota.
PPko eledunak egindako kritikak arbuiatu ditu Bilduk. Adierazpen horiek ez dira eraikitzaileak, Ruizen aburuz, eta giroa okertu eta sutzeko helburua baino ez dute. Halaber, Josu Ruiz zinegotziak azpimarratu du Etxerat legearen barruan dagoen elkartea dela eta ekitaldiak antolatzeko baimenak eskatzeko eskubidea duela.
Donostiako udal gobernuaren izenean, Ruizek Aste Nagusiko jaiak giro «lasaian eta baketsuan» gozatzeko eskatu du, elkarren arteko «errespetuan» eta «inolako jarrera oldarkor eta indarkeriazkorik gabe».
Donostiako Aste Nagusia ez politizatzeko eskatu dio Bilduk PPri
«Edozein aitzakia» erabilita euskal gizartea «aurrez aurre» jartzen saiatzea leporatu dio Josu Ruizek PPri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu