Dignidad y Justicia herri akusazioak ezingo du Egunkaria-ko auzi ekonomikoan parte hartu, hortik kanpo utzi duelako Donostiako Epaitegiak. Gaur atera du autoa. Izan ere, Dignidad y Justiciak bere estatutuetan dio "terrorismo" kasuak jazarriko dituela, baina Egunkaria-ren auzian, kasu nagusiko epaiaren arabera, 'terrorismoa'-ri buruzko deliturik ez dago, eta hori aintzat hartu du Donostiako Epaitegiak Dignidad y Justicia auzibidetik kanpo uzteko.
Iazko apirilean sumario nagusiko epaiketan absoluzioa eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga auzipetuek ETArekin loturarik ez zutela izan argudiatuta.
Egunkaria-ren itxiera kasuko auzia orduan amaitu bazen ere -AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioek Gorenera ez jotzea erabaki zuten; fiskalak epaiketan ez zuen zigorrik eskatu-, auzi ekonomikoak aurrera jarraitu zuen, baina maiatzean berri garrantzitsua jakin zen: Jose Maria Vazquez Honrubia Auzitegi Nazionaleko zigor aretoko epaileak auzia Donostiako epaitegira igortzea erabaki zuen.
Vazquez Honrubiak ebatzi zuen kasuan "delitu terroristaren" zantzurik ez dagoela, eta auzi ekonomikoan legokeen delitu bakarra ustezko iruzur fiskala litzatekeela -'ohiko delitua'-. Hori epaitzea ez denez Auzitegi Nazionalaren eskunduntza -narkotrafiko eta 'terrorismo' gaietarako sortu zuten auzitegi hori-, auzia Gipuzkoara pasatzea erabaki zuen -Egunkaria-ren egoitza Gipuzkoan zegoen, Andoainen-. Defentsak horixe eskatua zuen.
Donostian auzibideari berriro ekin zioten
Auzibideari berriro ekin zioten Donostian, eta orain etorri da Dignidad y Justicia kasutik kanpo uzteko erabakia. Honek bost eguneko epea du helegitea jartzeko.
Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Begoña Zubelzu eta Fernando Furundarena dira kasu ekonomikoko auzipetuak. 2003ko urrian izan zen operazioa -kazeta itxi eta zortzi hilabetera-, eta orduan, Auzitegi Nazionaleko fiskalak barne, zerga iruzurra egitea, diru kontuak faltsutzea eta diru laguntzen iruzurra egitea egotzi zieten. 13 urtetik 26ra bitarteko kartzela zigorra eta isun ekonomiko handiak eskatu zituen haientzat Dignidad y Justicia herri akusazioak.
Orain ikusi egin beharko da Donostiako fiskalak zer jarrera hartzen duen. Haren jokabidea erabakigarria izango da epaiketa egingo den-ez jakiteko.
Lehengo astean agerraldia egin zuten auzipetuek, kasua bukatzeke dagoela ohartarazteko gizarteari.
egunkaria auzia
Donostiako Epaitegiak 'Egunkaria'-ko auzi ekonomikotik kanpo utzi du Dignidad y Justicia
Herri akusazioak "terrorismo" kasuak jazartzen ditu baina, Espainiako Auzitegi Nazionalak iaz kazetaren itxierako epaiketan absoluzio epaia eman ondoren, auzian dagoeneko ez dago halako deliturik; gehienez ere iruzurra-eta. Argudio horri heldu dio Donostiako Auzitegiak. Horko fiskalaren jokabidea erabakigarria izango da epaiketa egingo den-ez jakiteko. Zortzi auzipetu daude kasu ekonomikoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu