Astelehenean Espainiako Auzitegi Gorenak Donostiako gazteen epaia kaleratu zuenetik, egunero 12:00etan eta 19:30ean elkarretaratzeak egin dituzte Aske Gunean. Gaur eguerdian Sortuko eledun Amaia Izko eta Pernando Barrena izan dira bertan, Auzitegi Gorenak zigortutako gazteei elkartasuna adierazten.
Barrenak nabarmendu du bost eguneko inkomunikazio aldian egindako adierazpenetan dagoela oinarrituta Gorenaren epaia. "Guretzako oso esanguratsua da. Zein baliabiderekin egiten dira epaiak Madrilgo epaitegietan euskal gazteriaren eta independetisten kontra". Gaineratu du zigortutako gazteek "izugarrizko heldutasuna" erakutsi dutela azken egunetan. "Gazteak izugarrizko heldutasuna erakusten ari dira, izugarrizko konpromisoa azaldu dute herri hau askatasunera eramateko borrokan. Eta iruditzen zaigu Donostiako alde zaharrean, Bulebarrean, eratutako Aske Gunea heldutasun horren froga dela".
Horrez gain, Espainiari eskatu diote "epaiketa eta eraso politikoak bertan behera" uzteko. Bake prozesuak "eskertuko" duela adierazi dute Sortuko kideek.
Egunean zehar hainbat ekintza antolatu dituzte gazteek. Ze esatek! taldeak kontzertua eskainiko du, eta 18:00etan bertso saio bat egingo dute Beñat Gaztelumendik, Xabier Silveirak, Sustrai Colinak, Amets Arzallusek, Alaia Martinek, Jokin Urangak eta Maialen Lujanbiok.