Garraio publikoa

Donostiako geltoki berriak ez ditu betetzen segurtasun baldintzak, eta ez dute bihar irekiko

Gaur goizean, kazetariekin bisita gidatua egin du Donostiako Mugikortasun eta Garraio zinegotzi Pilar Aranak. Dena prest zegoela esan du, baina arratsaldean jakin da ezingo dutela bihar inaguratu. "Kea irtenarazteko sistemak ez du funtzionatzen behar bezala", esan du Eneko Goiak.

jarraia118572.jpg
arantxa iraola
2016ko urtarrilaren 14a
07:13
Entzun

Langileen zarata hotsak nagusitzen dira, oraindik ere, azpiegitura berrian, baina biharko dena prest egongo dela nabarmendu du gaur goizean, hantxe bertan egindako adierazpenetan, Donostiako Mugikortasun eta Garraio zinegotzi Pilar Aranak. "Lehen autobusa larunbatean aterako da terminal berritik, goizeko bostetan". Loiuko aireportura joango da. Ordu batzuk beranduago atzera egin dute, baina. Izan ere, suhiltzaileen txosten batek debekatu egin du geltokia irekitzea. Teknaliak eta suhiltzaileek atzo arratsaldean egin zituzten azken azterketak. Eneko Goia aldaketak prentsaurrekoan azaldu duenez "kea intenarazteko sistemak ez du behar bezala funtzionatzen", eta irekiera atzeratu egingo dute. Ez dute data berririk eman.

Azpiegitura berriak autobusentzat dituen 21 plataformetatik bederatzik mugikortasun arazoak dituzten pertsonen irisgarritasuna bermatzen dutela ziurtatu du Aranak, goizean. Onartu du ez direla aintzat hartu gutxitasun fisikoa duten pertsonen Elkartu elkarteak egindako eskakizun guztiak, baina gaineratu du mugikortasun arazoak dituzten pertsonen beharrak asetzeko egokia dela geltokia: "Autobusa atera baino hamar minutu lehenago etortzearekin aski izango dute". Azpegituraren kokagune berriaren harira sor daitezkeen zirkulazio arazoen harira, teknikariek saio ugari egin dituztela azaldu du, eta, ondorioz, ez dela aparteko arazorik espero. 

Geltokia Renfeko geltokiaren ondoan dago, eta, ondorioz, etorkizunean azpiegitura hau AHT abiadura handiko trenaren geltokiarekin lotuta egoteko nahia dutela gogorarazi du Aranak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.