Gaur eguerdian aurkeztu dute aurtengo haur danborrada, Viktoria Eugenia antzokian. Haurrek Realeko hiru jokalari izan dituzte lagun oholtzan: Cristina Cornejo, Aintzane Encinas eta Ainhoa Vicente. Horrez gain, Julian Iantzik proba jarri die, egunen batean antolatuko duen Conquis Kids lehiaketa baterako hautaproba gisa. Eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak jaietan ongi pasatzeko eskatu die.
Ekitaldian, aginte makila eman diote Danbor Nagusi Oihane Boladori, eta domina jarri diote Julen Santano Jeneralari. Protagonista berezia izan da Olatz Cortes Easo Ederra, urtebetetzea zuelako.
Donostiako antzinako martxa doinuarekin hasi dute ekitaldia, Gero Axularreko gazteek dantzatuta eta Araoz Gaztetxo abesbatzako zein Easo Eskolaniako haurrek kantatuta. Hiriko ereserkia zen martxa 1813an, eta duela bi urte berreskuratu zuten. Easokoek 75 urte beteko dituzte aurten, eta horregatik protagonista izango dira aurtengo jaietan: bandera igo eta jaisteko orduan Konstituzio plazako oholtzan abestuko dute.