EHUko Donostiako kanpuseko Carlos Santamaria zentroan eman dute gaua 150 ikaslek. Atzo eguerdian sartu ziren bertara, eta manifestazioan dira dagoeneko: fakultate guztietatik pasako dira, eta itxialdian ateratako ondorioak irakurriko dituzte. Esnatu, liburutegia garbitu eta txukundu dute ikasleek, eta ondoko manifestazioarekin, amaitutzat emango dute greba.
Bertan eman du gaua Ura O'Connorrek: 07:00ak aldera esnatu, garbiketa egin, eta martxan jarri dira berriz bertan bildutakoak. Ikasleek, aurrera begira, lanean jarraitzeko asmo irmoa dutela azaldu du. "Borrokatzeko jendea egon badago, eta aprobetxatu egin behar dugu LOMCEri erantzun kolektiboa emateko", dio. Itxialdian ideologia desberdinetako jendea bildu dela nabarmendu du O'Connorrek: "Guztiaren gainetik, LOMCEri ezezko borobila emateko nahia dago: lanketak aurrera jarraituko du". Grebaren aurretik, ikastetxez ikastetxe antolatu ziren ikasleak, eta hemendik aurrera ere horri eutsiko diote, eta beharrezko ikusten dutenean, deialdi kolektiboak deituko dituzte.
Itxialdian parte hartu dutenek honako adierazpena zabaldu dute gaur:
"Hezkuntza herritik herriarentzat"
Martxoaren 27ko grebarekin bat eginez, Donostiako mobilizazioetan elkartutako 150 ikaslek Carlos Santamaria okupatu dugu eta itxialdia egin gau osoan zehar. Jatorri eta ideia ezberdinetako ikasleok gure iritziak konpartitu ditugu bertan hainbat orduz, eta esperientzia aberasgarrihonetatik ondorio hauek ditugu:
- Egungo hezkuntza ereduaren, eta inposatu nahi diren eredu berriekiko desadostasuna orokorra dela Hego Euskal Herriko ikasleon artean, eta asko direla horren kontra borrokatzeko prest daudenak.
- Egunerokoan zentro, fakultate eta auzo bakoitzean bakoitzak bere baliabideekin borrokan jarraitzea beharrezkoa dela, eta lanketa ez dela greba egunera mugatu behar.
- Itxialdiaren bitartez sortu diren harremanak ez direla etengo, erantzun bateratuak ematen jarraituko dugula etorkizunean ere.
Horrenbestez, Donostiako ikasle guztiei gure esperientziaren berri ematearekin batera, guztiona den borroka honetara batzeko deia luzatzen dizuegu.
Aldi berean, Euskal Herriko beste txoko batzuetan atxilotu dituzten ikasleei gure elkartasuna adierazi nahi diegu.