Donostiako Infernua guneko lau auzokideren aurka gaur egin behar zuten epaiketa irailaren 22ra atzeratu du epaileak. Gipuzkoako Foru Aldundiak haien eta beste hamar lagunen aurka jarritako salaketaren harira pasa behar ziren epailearen aurretik, eta gaurkoa horrekin loturiko lehenengo auzia zen. Otsailaren 6an Ertzaintzak guneko hiru bloketan eginiko operazioan identifikatutako pertsonak dira auzipetuak, eta usurpazio delitu bat egozten diete aldundiaren jabetzako eraikin batzuk okupatzeagatik.
Goizetik, hainbat pertsona Donostiako auzitegiaren kanpoaldean elkartu dira, auzipetuei babesa adierazi eta okupazioaren aurkako erasotzat jotzen duten epaiketa salatzeko. Hain zuzen, Infernua Bizirik plataformaren ustez, aldundiak bide penala erabili izanak «okupak zigortzea» bilatzen du, «eta ez eraikinaren jabetza berreskuratzea».
Plataformak gogoratu du aldundiaren blokeak 80. hamarkadatik egon direla okupatuta, eta gaineratu du bere kideek sei urte daramatzatela hor bizitzen. «Urte horietan guztietan diputazioa ez da bere jabetzaz arduratu», adierazi dute.
Urbanizazio plana eta kaleratzeak
Infernuko etxebizitza okupatuen aurkako operazioak Donostiako mendebaldeko gune horretan udalak garatu nahi duen urbanizazio proiektuarekin bat datozela nabarmendu du Infernua Bizirikek. Hain zuzen, udalak eremu horretan bostehundik gora etxebizitza eraikitzeko asmoa duela iragarri zuen 2019an, eta, geroztik, plan hori gauzatzeko pausoak eman ditu.
Iaz hainbat polizia operazio izan ziren infernuan, eta horietako batean, azaroan, Ertzaintzak guneko eraikin handiena hustu zuen. Egun hartan, hor bizi ziren 60 pertsona «kale gorrian» utzi zituztela gogoratu du plataformak, eta guneak oraindik «desalojo arriskuan» jarraitzen duela azpimarratu du.
Dena den, bizilagunek berretsi dute udalaren urbanizazio planen eta kaleratze asmo ororen aurka egiteko prest daudela: «Infernuaren alde egitea ez da hiru eraikin defendatzea bakarrik: guztiontzat etxebizitza aldarrikatzea da; gentrifikazioaren aurka egitea da; ertzeko komunitateen alde egitea; poliziaren erasoen aurka egitea; zapalkuntza ezberdinen arteko aliantzen alde egitea… Infernuaren alde egitea Donostia erradikalki aldatu nahi izatea da».
Protesta epaitegian
Gaurko aurreikusita zegoen epaiketaren aurka, dozenaka herritar Kalkutako Teresa plazan elkartu dira, Donostiako auzitegiaren aurrean, Infernua Bizirik plataformaren deialdiari erantzunez. Hala, protesta moduan eguna hor pasako dute, hainbat musika emanaldirekin, eta 19:00etan manifestazioa egingo dute epaitegitik abiatuta.