Jose Ignacio Munilla Donostiako elizbarrutiko gotzainak jakinarazi duenez, Koruko Andre Maria basilika bisitatzeko sarrera ordainaraziko diete 12 urtetik gorako turistei. Basilika eraberritzeko lanei aurre egiteko hartu dute erabaki hori: guztira, bost milioi euroko kostua izan dute. Gotzaintzak eta parrokiak bi milioi euro ordainduak dituzte dagoeneko, eta Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Diputazioaren artean beste milioi bat ordaindu dutela jakinarazi du: ordaintzeko falta diren bi milioiak ordaintzeko bidea da sarrera kobratzea. Munillak azaldu duenez, "hitzezko akordioak" zituzten erakunde batzuekin, baina, krisia dela eta, edo "halako lanei aurre egiteko sentiberatasun faltagatik, "desegin" egin dira.
Horrez gain, hainbat jenderi laguntza eskatu die Munillak. Batetik, artistei: nahi duenak, ondoren enkantean jarriko dituzten obrak emateko prest daudenei deialdia egin die. Bestetik, basilikaren inguruko merkatari, ostalari eta industrialariei dei egin die, eraikina bisitatzen duten turistek horiengan ere etekinak sortzen dituelako. Horrez gain, basilikarekin "afektiboki edo espiritualki" lotuta sentitzen diren fededunei ere laguntzeko deia egin die. Koro edo Joxe Mari izena duten munduko biztanle orori ere eskatu dio laguntza Munillak.
Falta dena ordaintzea ez ezik, basilikaren barruan museo bat sortzea ere badu buruan Donostiako elizbarrutiko gotzainak: Gipuzkoako elizbarrutiaren garai guztietako 150 obra bilduko lituzke museoak (gaur egun Irungo gordailuan daudenak).