Amara Zaharra auzoko bizilagunak kexatzen hasi eta hilabete eta erdira, metroaren obrek gauean eragiten duten zarataren aurrean neurriak hartu dituzte erakundeek. Eneko Goia alkateak Teledonostin azaldu zuenez, gauez obrak etetea erabaki du ETS Euskal Trenbide Sareak, «bizilagunei atseden hartzen uzteko». Hain justu, Morlansetik Kontxarako tartearen obrak berriz programatuko dituzte —bi kilometroko tunel bat egiten ari dira—, eta gaueko txanda kenduko dute, aurrez Benta Berrin egin zuten moduan. Goiak adierazi du berehala sartuko dela indarrean erabakia: «Gaur bertan programazio berriaren arabera lan egingo dute, eta horrek ekarriko du gauean lanak geratzea».
Alkateak berretsi du auzotarren kexak jasoak zituela, eta neurriak eskatu zizkiola ETSri. Ostiral gauean etxe batzuetan eginiko neurketetan oinarritu dira erabakia hartzeko: 40 dezibeletik gorako batez bestekoak jaso zituzten, legez baimendutakoaren oso goitik.