Donostiako ospitalera ekarri dute Mikel Ibañez presoa

ERREDAKZIOA
2008ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) azaldu duenez, Mikel Ibañez euskal presoa Donostiako ospitalera ekarri behar zuten atzo gauean, Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarri dion espetxealdi arindua betetzen jarraitzeko.

Preso elgoibartarra osasun egoera larrian da, minbiziak jota, eta orain arteko Madrilgo Gregorio Marañon erietxean egon da. Joan den ostiralean ekartzekoak ziren Euskal Herrira, baina medikuek bertatik ez mugitzeko erabakia hartu zuten, Donostiara ekartzeak osasunean eragin kaltegarriagoak sor zitzakeelakoan. Ibañezen nahia Euskal Herrian egotea izanik, bidaiak eragin diezaizkiokeen kalteen arduraduna bera dela esaten duen orria sinatu behar izan du Donostiara ekartzeko.

Gaur arratsaldeko 18.00etan elkarretaratzera deitu du AAMk ospitalaren aurrean.



TEJEDOR ESPAINIARATU DUTE. Bittor Tejedor euskal presoa atzo kanporatu zuten Kanadatik, eta gaur eramango dute Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrera, Askatasunak azaldu duenez. Bigarren kanporaketa data da horrako hori. Kanadako Immigrazio arduradunek ekainaren 2an kanporatuko zutela esan zuten, baina azken unean atzeratu egin zuten. Tejedorren abokatuak deitu dituzte gaur Auzitegi Nazionalera joateko, eta, beraz, presoa ez dutela inkomunikatuko uste du Askatasunak.

Tejedor 2007ko ekainaren 1ean atxilotu zuten Vancouverren (Kanada). Ordutik, preso eduki dute Fraser eskualdeko espetxean,«oso baldintza gogorretan», Askatasunak dioenez. «Orain, nahiz eta Kanadako epaitegiek Espainian tortura existitzen dela adierazi, Tejedor kanporatua izango da, Espainiak ez eskatu arren». Askatasunak ohartarazi du Tejedor «bortizki torturatu» zutela 1988an, Frantziatik kanporatu eta Guardia Zibilaren esku utzi zutenean.

Bestalde, Muret-Seysseseko (Frantzia) espetxean hasitako gose grebari amaiera eman zion iragan ostiralean Oier Gonzalezek, 26 egunen ondoren bere osasunak okerrera egin ostean. Hala ere, hark eta Juan Carlos Subijanak beren eskubideen aldeko borrokan jarraituko dutela iragarri dute.

Quebecen preso dagoen Iban Apaolazak ere asteburuan gose greba utzi du. Espetxeak EHUn ikasteko eskubidea onartuta, bere borrokaldia bertan behera uztea erabaki du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.