euskal presoak

Donostiako Ospitalera eraman dute Uribetxeberria preso gaixoa

Leongo ospitalean izan dute arrasatearra azken hamabost egunetan, eta gaur eraman dute Donostiara. 2005ean minbizia atzeman zioten arren, preso mantendu dute eta gaixotasuna okertu zaio: bi nodulu berri eta metastasia ditu. 

2012ko abuztuaren 1a
22:25
Entzun

Josu Uribetxeberria euskal presoa Donostiako Ospitalera eraman dute, Espetxeetako Zuzendaritzak baimenduta. Gaixotasun larriak dituzten 14 presoetako bat da Uribetxeberria. Berriki jakinarazi dute minbizia berritu zaiola eta bi nodulu berri eta metastasia dituela. 

Leongo ospitalean (Espainia) izan dute arrasatearra azken hamabost egunetan. Presoaren anaiak kontatu duenez, buruko min handiekin ibili zen Uribetxeberria eta presondegiko ospitalera eraman zuten aurreko egunetan; zenbait proba egin, eta metastasia duela ondorioztatu dute. Duela zazpi urte giltzurrunean aurkitutako minbiziaz gain, beste bi nodulu atzeman dizkiote: buruan bat, eta biriketan bestea.

Hainbat gizarte eragilek eskatu dute egunotan eritasun larri eta sendaezina izanik, legez onartua dagoen baldintzapeko askatasuna. Etxerat-ek eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak egin dituzte adierazpenak gaur, Azpeitian, eta biek ala biek azpimarratu dute "egungo legedia bete" eta "aske" utzi beharra dutela Uribetxeberria. "Ez da posibe giza eskubideen alde lerratzea, baina gero biktimen artean mailaketak egitea", salatu du Etxerat-ek. 2007ko uztailean, ukatu egin zioten askatasun eskaera. 

2005eko apirilean, tumore handi bat aurkitu zioten Uribetxeberriari ezkerraldeko giltzurrunean. Urte bereko maiatzean zenbait proba egin ostean, minbizia diagnostikatu eta ezkerreko giltzurruna kendu behar izan zioten. Hori dela eta, bizi osoan tratamendua jaso beharra dauka. Jaiki Hadi elkarteak dioenez, espetxean egon gabe ere, halako gaitzak berpizteko aukera %51koa izan ohi da bi urtean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.