DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA

Donostiako Piratak: "Izugarria izan da"

Baikor eta pozik azaldu dira urte osoko lanak Aste Nagusian emandako fruituarekin. Parte hartzearen gorakada eta jendearen erantzuna azpimarratu dituzte.

Donostiako Piraten herri bazkaria Flamenkan, Aldrebes eguna ospatzeko. ANDONI CANELLADA, ARGAZKI PRESS
Jone Amonarriz
2015eko abuztuaren 19a
07:58
Entzun

Festa beraren inguruan bi Aste Nagusi nabarmentzen dira Donostian: udalarena eta piratena. Biek ala biek balantze positiboa egin dute, bakoitza bere jai ereduan oinarriturik.

Bederatzi egunetan, ehundik gora ekintza antolatu dituzte Donostiako Piratek; horretarako, bederatzi kofradia, hamaika lantalde eta mila boluntario inguru aritu dira lanean antolakuntzan, urte osoan. Egindako lanak merezi duela nabarmendu dute, “parte hartzea gero eta zabalagoa delako eta jai eredu polit bat eraikitzen ari garelako”. Horregatik, urte guztian egindako hausnarketek eta barnera begirako lanek “bere fruituak” eman dituztela gehitu dute. "Nekatuta, baina pozik" amaitu dituzte festak.

Eguraldi aldakorraren eraginez, egitaraua moldatu egin behar izan dute hainbat egunetan, baita ostiraleko kontzertuak bertan behera utzi ere, “haizeteak kalterik eragin ez zezan”. Abordatzean ere, parte hartzaileei kaira itzultzeko eskatu behar izan zieten arrazoi horrengatik, “baina berdin-berdin lortu dugu aurten, berriz ere, Donostia abordatzea”. Azpimarratu dute euren lehentasuna segurtasuna dela eta "eskertzekoa" izan dela erabaki horien inguruan jasotako erantzuna.

Emaitza “ezin hobeak” ekarri dituzte aurten zenbait berrikuntzaren alde egindako apustuek. Abordatze eguneko bazkaria hemengo produktuekin egin dute, kultur eskaintza zabaldu, eta kofradien arteko elkar ekintzak indartu, besteak beste. “Oso harrera ona izan dute guztiek; arrakasta polita izan dute”.

Berreskurapena eta normaltasuna

Donostiako jarduneko alkate eta Turismoko zinegotzi Ernesto Gascok balantze positiboa egin du, udalaren izenean: “Berreskurapenaren eta normaltasunaren Aste Nagusia izan da aurtengoa". Normaltasuna azpimarratu du, eta argudiatu arazorik gabe egin ahal izan direla programatutako ekitaldiak, eta eguraldia izan dela eragozpen bakarra. "Sexu erasoen ikuspegitik ere normaltasuna izan da nagusi, Donostiako Aste Nagusian ez dugulako horrelako inolako erasorik jasan, zorionez".

Gaskok azaldu du Sagueseko kontzertuak jaien ardatzetako bat bilakatu direla berriro: "Joan den urtean, datu ofizialen arabera, % 38 ikusle gutxiago etorri ziren kontzertuetara. Aurten, berreskuratu egin da inguru hori". Zezenketak ikusle kopuruaren rankingean hirugarren tokian kokatu ditu jarduneko alkateak, eta guztira 30.000 lagun bildu dituztela nabarmendu: "Zezenak berriro ekartzeak garai bateko giroa ekarri du Amara Berri auzora, eta horrek, halaber, onura ekarri die inguru horretako taberna eta jatetxeei."

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.