Donostiako Udal Gobernuak Portuetxe kaleko 15etik gertu dagoen espazio bati Aitor Zabaleta izena jartzea onartuko du ostiralean. Futbola praktikatzen den asfaltuzko espazio bat da, eta bertan realzalearen argazki eta plaka bat daude.
Aitor Zabaletaren gertukoa den Ibaetako bizilagun talde batek egindako eskaeraren ondorioz aukeratu dute espazio hori, eta erabakia iraileko udalbatzan eztabaidatuko dute.
1998ko abenduaren 8an, Atletico Madrilen eta Realaren arteko UEFAko partidaren aurretik hil zuten Zabaleta. Erasoa Vicente Calderon estadiotik gertu izan zen, faxista talde bat oldartu zitzaionean. Zabaleta ultra taldeak inguratu zuen, haur bat babestu eta gero bikotekidearengana zihoala, eta horietako batek labankada bat eman zion bihotzean. Hurrengo egunean hil zen, Madrilgo La Concepcion ospitalean.